Ekainaren 10eko giza katea

Unai Lizaso: "Ziklo berria ireki ahal izateko mugarri garrantzitsua jarriko dugu biharkoan"

Uztarria.eus 2018ko eka. 9a, 18:39

Gure Esku Dagoren lantaldea, Bergaran. Eskuinetik aurrena da Lizaso. (GED)
Milaka eta milaka lagunek eman dute izena bihar Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza katerako. Gure Esku Dagoko lantaldetxo bat biharko xehetasunak lotzeko lanean ari da azken egunotan Bergaran. Talde horretan parte hartzen ari da Gure Esku Dagoren Gipuzkoako arduradun Unai Lizaso.

Talde txiki bat Bergaran ari zarete giza katerako azken xehetasunak-eta lotzen. Zertan ari zarete zehazki?

Azken xehetasun teknikoak lotzen ari gara. 201,9 kilometro eskuz esku lotu ahal izateko, logisitika lan handia egin behar da. Mila autobus baino gehiago erabiliko ditugu besteak beste, jendea giza katera joan dadin, eta horiek guztiak koordinatzeak lan handia exijitzen du.

Bihar ere milaka lagun ariko da boluntario lanetan.

Bai, bost mila pertsona inguru arituko gara bihar lanean. Segurtasun lanetan, trafikoari dagozkion arduretan, komunikazioan, koordinazioan… Guk argi dugu, herri honen altxorrik handiena horixe bera dela, auzolanean ekimenak antolatzeko dugun gaitasuna. Bost mila boluntario horiek erakusten digute herri honek zer nolako gaitasuna duen mahai gainean jartzen diten proiektuak gauzatzeko.

Ehunka lagun aritu zarete lanean giza katea antolatzen, boluntarioak ere ugari dira, egunean bertan ere jende ugari ariko da batean eta bestean lanean. Nolakoak izan dira giza katearen antolaketan aritu zareten hilabete hauek?

Oso prozesu polita izan da, eta pertsonalki asko ikasi dut. Hasieran, talderik ez zegoen hainbat herritan, baina gaur egun taldeak sortu dira horietan. Lehen ahul samar zeuden leku batzuetan, berriz, taldeak indartu egin dira. Herritarrok elkarrekin lan eginda zer egitera irits gaitezkeen sentzitzen ari gara; dugun gaitasunaz jabetzen.

Hilabeteetako lanaren fruitua izango da, beraz, biharkoa. Zer aurreikuspen duzue parte hartzeari dagokionez?

Ostegunean eman genituen azken datuak, eta ordurako 84 mila herritar baino gehiago ziren giza katean izena emanda. Biharko izena emandakoen kopurua ehun milara iristea espero dugu. Hala ere, ziur gaude izena eman gabeko milaka eta milaka herritar kalera aterako direla biharkoan; gehien bat hirigune handietan, alegia jende gehien bizi den eremuetan. Aurreikuspen guztiak gaindituko ditugu bihar.

Lehen giza katea, 2014koa, arrakastatsua izan zen. Oraingoan zer espero duzue?

Jada arrakastatsua dela esan dezakegu. Kuantitatiboki, oraindik, azken emaitza ez badakigu ere, kualitatiboki jauzi erraldoi bat egitea lortu du Gure Esku Dagok. Orain arte ez bezala, hiriburuetara, jende gehien bizi den eremuetara, iristea lortu dugu, eta horrek epe luzera herri honi ekarriko dizkion emaitzak izugarriak izango dira. Erabakitzeko eskubidearen auzia, gainera, gizarteko beste zenbait kezka sozialekin lotzen ahalegindu gara, eta hein handi batean lortu dugu. Igandekoa ez da GEDren mobilizazio bat izango, mobilizazio kolektibo bat baizik.

Atxikimendu ugari jaso du giza kateak, GEDk lortu du askotariko jendea batzea egitasmora. Tartean, Euskal Herriko 200 bat alkatek argazkia atera dute, udal ugaritan giza katea babesteko mozioak onartu dituzte… Beste jauzi bat eman al da lau urteotan?

Erabakitzeko eskubidearen aldarria esparru berriak konkistatzen ari da. Aipatutako alkateen argazkia da horren adibide garbiena. Azken urteetan sukalde lan handia egin du Gure Esku Dagok. Jende eta eragile askorekin egin ditugu harremanak, eta harreman horiek fruituak ematen hasi dira. Elkarlan esparru bat finkatzen ari gara Euskal Herrian.

GEDk lortu du ilusioa piztea. Nola ikusten duzu egoera?

Une berezia bizi dugu. Batetik, Eusko Legebiltzarrean estatus politiko berri baten inguruko eztabaidan murgilduta daude gure ordezkariak. Bestetik, kalean sekula ikusi gabeko mobilizazioak bizitzen ari gara. Gure erronka da estatus politiko berri horrek euskal gizartearen borondateari erantzutea eta ez hemendik 400 kilometrora dagoen giro nahasiari. Ordezkari eta ordezkatuak erabakirako bidea elkarrekin egiten hasi behar dugu, eta biharkoa ezinbesteko mugarria izango da bide horretan.

Esan daiteke GED dela gaur-gaurkoz Euskal Herrian mobilizazio gaitasun handienetakoa duen dinamika. Nola lortu du arrakasta hori?

Gure Esku Dagok zerbaitetan asmatu badu formetan izan da. Hasieratik genuen argi herri honetan freskotasuna ekarriko zuen mugimendu bat behar zela, eta behar horri erantzutea lortu du GEDk. Erronka handiak jartzen ditugu mahai gainean, eta horrek nuerriko erantzuna ematera behartzen gaitu. Mobilizazio ereduak ere erakargarriak izan daitezen saiatzen gara. Jende zoriontsua izan nahi dugulako herri libre batean!

GEDk esana da, fase berri baten atarian dagoela dinamika. Zein faseren aurrean, zehazki?

Gure etorkizuna guk erabakiko dugun fase baten aurrean. Demokrazian, askatasunean eta duintasunean oinarrituko den ziklo berri baten aurrean. Herritarrok protagonista izango garen ziklo berri bat izango da, gure ahotsak garrantzia izango duen ziklo bat. Ziklo berri hori ireki ahal izateko mugarri garrantzitsua jarriko dugu biharkoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide