Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriarekin bat egin zuten igandean hainbat herritarrek. Gure Esku Dago mugimenduak deituta, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu zituen 201,9 kilometroko giza kateak, eta herritar ugari izan zen bertan. Zapiak esku artean hartu eta bat egin zuten guztiek, kate luze-luze bat eratuz.
Azpeitiko, Beizamako eta Errezilgo bizilagunak Getarian izan ziren igandean; guztien artean lau kilometro osatzea zegokien, eta, denera, 1.593 herritar bildu ziren. Guztira, hamabi autobus atera ziren anbulategi aurretik. Azpeitiko Gure Esku Dago taldeak giza katearen balorazio "oso positiboa" egin du: “Lan asko eskatu du giza katea antolatzeak, baina oso polita atera zen".