Festa betean agurtu zituzten atzo Urrestillan aurtengo sanjuanak. Umeen jolasekin hasi zuten San Juan Hirugarreneko arratsaldea. Udako eguraldi ederra aitzakia bikaina izan zuten umeek eta gaztetxoek ur jokoekin gozatua hartzeko. Horietako batzuk lehortzeko beta juxtu-juxtuan izan zuten, gurasoekin batera patata tortilla lehiaketan parte hartzeko. Hamabi bikotek edo taldek parte hartu zuten lehiaketan, eta Iñaki eta Xiker Aizpuru aita-semeak izan ziren irabazleak.
Lehiaketara aurkeztutako tortillekin eta tabernariek emandako pintxoekin osatutako afari-meriendaren apurrik ere ez zen gelditu ondoren zimitorioan, eta tripak ondo beteta, San Juan arbola botata eta harekin azken kalejira eginda bukatu zituzten iluntzean aurtengo sanjuanak.