"Inoizko luzeenak ez badira, azken urteetako festarik luzeenak izango dira aurten saninazioak". Hala nabarmendu du Eneko Etxeberria alkateak San Inazio jaien aurkezpenean. Bihar, ostirala, presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko egunarekin hasiko dituzte festak, eta abuztuaren 2ra bitartean izango da zer ikusi eta zertaz gozatu Azpeitian.
Herriko festak aurkezteko ateratako argazkiak islatzen duena azpimarratu du Etxeberriak; izan ere, haren arabera, herriko eragile ugarik parte hartu dute festen antolaketan. "Bakoitzak zuen arlotik lan egin duzue, eta beste behin egindako lan isilagatik eskerrak ematea tokatzen zaigu; orain arte antolaketan egindakoagatik eta festetan egitea tokatuko zaizuenagatik. Eskerrik asko, eta animo!".
Denentzat eta denetariko ikuskizunak nahiz bestelako jaialdiak izango dira aurtengoan: Doctor Deseo, Gozategi, Vendetta nahiz Joselu anaien kontzertuak; emakumeen zein gizonen pilota partidak; Cesar Valverde txapelketaren finalak; bertsolariak…
Txupinazoa ere izan du hizpide alkateak. Aurtengoan, Euskaraldiko kideek eta Izarraitz txistulari taldeko kideek botako dute festen hasierako suziria. Etxeberriaren arabera, "herriko eragileen lana aitortu" nahi izan dute txupinazoan: "Izarraitz txistulari taldekoek 40 urte daramatzate txistuaren bidez festetako goizak, arratsaldeak eta goizaldeak alaitzen, txistuaren bidez euskal kulturan eta herriko kulturan eragiten. Euskaraldiak, berriz, denok elkartzea du helburu, euskara denona delako eta denon beharra dugulako".
Erasorik ez
Eskaera "garrantzitsu bat" ere egin du alkateak; hain zuzen ere, erasoak saihestearen garrantzia nabarmendu du. "Festetan denok nahi izaten dugu ondo pasatzea, eta merezi dugu. Horregatik, festetan errespetuz jokatzeko eskatzen diegu herritarrei zein bisitariei. Festetan bada serio jartzen gaituen kontu bat: erasoena. Azpeitian ez dugu azalaren koloregatik, erlijioagatik edo sexuagatik egindako erasorik onartzen. Garbi dugu ez beti ezetz dela". Horrekin batera, arretaz ibiltzeko deia egin die herritarrei: "Inguruan gertatzen denaz adi ibil zaitezte, erasoak aurreikusteko, laguntzeko, babesteko eta arreta eskaintzeko".
Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziak festetarako egindako lanketaz hitz egin du. "Azpeitiko Udalarentzat lehentasun politikoa eta estrategikoa da, indarkeria matxistari aurre egiteko, prebentzio eta hezkidetza programak bultzatzea. Lanketa horretan, arreta berezia jartzen diegu festei, eta , bereziki, saninazioei. Festetan erasoak gertatzeko aukerak biderkatu egiten baitira".
"Eraso gehienak emakumeek emakume izate hutsagatik pairatzen" dituztela nabarmendu du Etxanizek, baina, haren arabera, "genero arauak betetzen ez dituzten kolektiboen kontrako" erasoak ere ohikoak dira: "gay, lesbiana, transexual, intersexual eta bisexualen kontrakoak, hain zuzen". Errealitate horren aurrean, azken bi urteetan bezala, aurten ere aurrez prebentzio lana egin dutela nabarmendu du: "Karpagunean lanean arituko direnekin eta tabernariekin lanketak egin ditugu, autodefentsa ikastaroa eskaini dugu, herriko etxe guztietara eskuorria bidali dugu programarekin batera…".
Horrez gain, Indarkeria Matxistarik Gabeko Gunea ezarriko dute festetan, "sentsibilizaziorako, informazioa eskaintzeko eta erasoen aurrean lehen arreta eskaintzeko". Karpa uztailaren 30ean eta abuztuaren 1ean 18:00etatik 06:00etara egongo da zabalik, eta uztailaren 31n, 20:00etatik 04:00etara. Etxanizen arabera, gune hori ezarritako bi urteetan "oso harrera ona" izan du: "Festa giroan gertatutako hainbat erasoren berri jasotzeaz gain, informaziorako eta kezkak nahiz iritziak elkarbanatzeko gune garrantzitsu bilakatu da".
Hona hemen festetako egitaraua:
Uztailak 27, ostirala. Preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko eguna
19:00. Manifestazioa plazatik abiatuta.
Ondoren. Ekitaldia.
19:00. Desenkajonamentua.
21:30. Kalera! afaria eta ekitaldia Azoka Plazan.
Ondoren. Gartxot bakarlariaren emanaldia.
22:00. Udal Musika Bandaren eskutik, Azpeitiko pasodobleen kontzertua plazan.
Uztailak 28, Baserritarren Eguna
10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 18:00etara. XXXVI. Usakume tiraketa Odria auzoan.
10:30. Goiz eresia, Udal Musika Bandarekin eta Izarraitz txistulari taldearekin.
10:30. XXXIV. Cesar Valverde Pilota Txapelketaren finala, Frontoi Txikian.
10:30. Nafarroako banderari omenaldia, Perez Arregi plazatik abiatuta.
11:00. Euskal Herriko Blonda Txapelketa.
11:00. XX. Gazta Txapelketa, plazan.
12:00. XLVI. Sagardo lehiaketa, plazan.
12:00. Txekor erre eta hegaluze dastaketa.
12:00. Unai Agirre, Iker Zubeldia eta Sebastian Lizaso bertsolarien emanaldia, Lutxurdio eta Berastegi trikitilariek lagunduta.
23:00. Demode Quartet taldearen emanaldia, plazan.
Ondoren, Josu_U, Alexander Loop eta Enesound, plazan.
Uztailak 29, igandea
12:30. Arratsaldeko zezenketarako zezenen aukeraketa, zezen plazan.
15:00. XXXVIII. Inazio Deuna Txirrindularitza Saria, Perez Arregi plazan hasita.
18:00. Kantu jira, San Martin egoitzatik abiatuta.
18:30. Zezenketa.
19:00. Los Pasai txarangaren emanaldia.
Uztailak 30, San Inazio bezpera
11:00. Hamaiketakoa, plazan.
12:00. Txupinazoa, plazan.
12:00. Marea Arroxaren kalejira.
12:30. Zezenketen aurrerapena.
15:00. Marea Arroxaren herri bazkaria, plazan.
17:00. Jolasak, karpagunean.
18:00etatik 19:30. Bigantxak eta zezen txikiak, Done Jakue kalean.
18:00. Kantu kolore taldea, Olazko Andre Mariaren plazan.
18:30. Zezenketa.
19:00. Meza eta bederatziurrena Loiolako basilikan.
19:30etik 21:30era. Gau Erdi txarangaren kalejira, zezen plazatik irtenda.
19:30etik 21:30era. Rock kalean emanaldia.
22:00. Skastiren kontzertua, karpagunean.
23:00. Su festa.
23:30. Gozategi taldearen kontzertua, plazan.
23:30. DJ gaua Olazko Andre Mariaren plazan.
01:00. Ezten Giro taldearen kontzertua, karpagunean.
Uztailak 31, San Inazio eguna
09:00. Goiz eresia, bandak, gaiteroek eta txistulariek.
10:10. Udal ordezkarien korporazioa parrokiara.
10:30. Prozesioa.
11:00. Meza parrokian, Jose Ignacio Munilla gotzain nagusiaren eskutik.
12:00. Urolatarrak txaranga.
12:30. Zezenketen aurrerapena, zezen plazan.
12:30. Entzierro txikia, Done Jakue kalean.
13:00. Udal Musika Bandaren kontzertua Sanagustin kulturgunean.
13:30. Txomingero poteoa, plazatik hasita.
15:00. Txomingeroen bazkaria, Erdikalean.
Ondoren. Ttek elektrotxaranga.
17:00. Gaztetxoentzat parkea, plazan.
17:30. Oinatz elkarte animalistak deituta, elkarretaratzea, zezen plaza aurrean.
17:30. Txomingeroen elkarretaratzea, zezen plaza aurrean, Guk festa herrikoiek! Gure festatan odolik ez! lelopean. Ondoren, Ttek elektrotxarangarekin kalejira, zezen plazatik abiatuta.
18:00. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean.
18:30. Zezenketa.
19:00. Oria txaranga.
22:00. Rukula taldearen kontzertua, karpagunean.
22:30. Eskuzko pilota partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan.
23:00. Su festa.
23:30. Vendetta taldearen emanaldia, plazan.
23:30. Aiko taldearen erromeria, Olazko Andre Mariaren plazan.
01:00. Revolta Permanent taldearen kontzertua, karpagunean.
02:30. Ni yuta ni tuya taldearen kontzertua, karpagunean.
Abuztuak 1, San Inazio bigarrena
09:00. Goiz eresia, txistulariekin, bandarekin eta gaiteroekin.
10:00. Etxeraten elkarretaratzea, Loiolan.
10:00. Kontzentrazioa plazan, Guk festa herrikoiek! Harrera instituzionalik ez! lelopean.
10:15. Udal ordezkariak, Foru Aldundikoak eta Eusko Jaurlaritzakoak elkartuko dira plazan. Ondoren, korporazioan joango dira Loiolara.
11:00. Meza nagusia, Loiolako basilikan.
11:00. I. Gixau lehiaketa, plazan.
12:30. Entzierro txikia, Done Jakue kalean.
14:00. Gixaujana Azoka Plazan.
17:30. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean.
18:00. Emakumeok plazara! ginkana feminista.
18:30. Emakumeen pilota partidak, Izarraitzen.
19:00. Artistas del gremio txaranga.
22:00. Joselu Anaiak, Olazko Andre Mariaren plazan.
23:00. Azpeitiko Ernairen ekitaldia, karpagunean.
23:30. Doctor Deseo taldearen kontzertua, plazan.
01:00. Skabidean taldearen kontzertua, karpagunean.
02:30. Gora etorri, beti dance taldearen kontzertua, karpagunean.
06:00. Incansables txaranga.
07:30. Bigantxak, Done Jakue kalean.
08:00. Zumba gaupaseroa, plazan.
09:00. Jaien bukaerako suziria.