Hazparne eta Azpeitia senidetu zirela 31 urte dira aurten, eta bi herrietako eragileek harremanak sendotzen jarraitzen dute. Iazko irailean Hazparnen egin zuten egun osoko jaia, bi herrien senidetzearen 30. urtemuga zela eta; joan zen maiatzean, berriz, Azpeitian egin zuten festa eguna. Senidetze jaiak ez ezik, baina, elkarlana sustatzeko hainbat urrats egiten ari dira bi herrietako ordezkariak. Duela bi urte hasi ziren elkartzeko kultur arloko bi herrietako hainbat ordezkari, eta gaur egin dute gaiari heltzeko beste bilera bat. Hain zuzen ere, Azpeitiko udaletxeko bosgarren solairuan elkartu dira bi herrietako musika eskoletako, bandetako eta abesbatzetako ordezkariak, eta haiekin batera izan dire bilkuran Azpeitiko Kutur Mahaiko, Kulturaz kooperatibako eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak. 2019an bi herrietako hainbat kultur eragilek ekitaldi bateratuak egiteko aukeraz hitz egin dute, eta bide batez, musika arloko euskarazko materiala trukatzeko ere baliatu dute gaurko bisita. Bileraren ostean, gainera, Juan Antxieta musika eskola eta Udal Musika Bandaren Soreasuko lokala ezagutzeko aukera izan dute Hazparneko kideek.