1926. urtean Beizamako Korosagasti baserrian gertatutako krimenetan oinarritzen da Erabaki Produkzioaken Korosagasti filma. Azken hilabeteotan Azpeitia zein Beizama inguruetan ibili dira ikus-entzunezkoa ekoizteko grabaketa lanetan, eta irudiak hartzeko azken txanpan sartu dira jada. 2019 amaierarako lan guztiak amaituta izatea aurreikusten dute. Filmaren zuzendarietako bat da Asier Sustaeta, eta harekin solasean aritu dira Uztarria Komunikazio Taldea, Urola Kostako Hitza eta Kulturaz kooperatiba, eta haren adierazpenekin honako bideoa egin dute Mikrouhinak bideo sortarako.
Ikus-entzunezkoa ekoizteko hainbat arte disziplinetan lanean aritzen diren herritarren laguntzaz baliatu dira Erabaki Produkzioakeko lagunak. Dokumentazio lan sakon bat egin ondoren, Miren Gorrotxategiri eta Alaitz Olaizolari eman zieten filmaren gidoia sortzeko aukera, eta herriko bi idazleek 2017ko negurako idatzi zuten istorioa. Udalaren eta Kultur Mahaiaren Sorkuntza Beka baliatu zuten Korosagasti filmaren gidoia osatzeko eta ekoizpenaren lehen faseko lanetarako. Aurten ere jaso dute diru-laguntza, eta grabaketa lanetarako erabiliko dute beka.