Sormenetik abiatutako zazpi proiektu, gorpuzteko prest

Uztarria.eus 2018ko uzt. 13a, 16:38

Sorkuntza Beka jaso duten proiektuetako kideak eta Udaleko nahiz Kultur Mahaiko ordezkariak. (Maialen Etxaniz)

Kultur Mahaiaren eta Udalaren Sorkuntza Bekak zazpi proiektu lagunduko ditu diruz aurten. Orotara, 12.000 euro bideratu dituzte herriko zein kanpoko sortzaileek beraien proiektuak aurrera eraman ditzaten. Zirko soziala, hiru ikus-entzunezko, disko bat, diseinua eta enkoadernaketa uztartuko dituen proiektu bat nahiz hitzekin eta ilustrazioekin osatutako liburuxka bat gorpuztuko dira aurtengo bekaren laguntzaz. 

Noizbait buruan irudikatu izan duten kultur proiektu hori gorpuzteko aukera izango dute beste urte batez Sorkuntza Bekara aurkeztu diren hainbat lagunek. Aurten, hamabost lan aurkeztu dituzte Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak abiatutako Sorkuntza Bekara, eta horietatik zazpi lagunduko dituzte diruz. Udaleko Kultur Batzordeko kideek eta Kultur Mahaikoek osatu dute epaimahaia. Aurten, iaz bezala, 12.000 euro bideratu ditu Udalak Sorkuntza Bekara. 

Hauek dira Sorkuntza Bekaren bidez diruz lagunduko dituzten zazpi proiektuak eta horien inguruko xehetasunak:

Zirko Soziala

Garazi Agirre azpeitiarrak sortuko duen proiektua da Zirko Soziala. Agirrek 1.600 euroko diru-laguntza izango du bere proiektua gorpuzteko. Azken aldian zirkoarekin lotura duten ekintzek herrian presentzia handiagoa dutela dio Agirrek, eta horrek horrela jarrai dezan nahi du. Hark azaldu duenez, Zirko Sozialarekin lortu nahi duena da "zirkoa ahalduntzeko tresna gisa erabiltzeko uneak eta espazioak sortzea".

Kaluse musika taldearen diskoa

Ibon Guerrak eta Unai Martinezek osatzen dute Kaluse, eta horiek esku artean duten proiektua gorpuzteko baliatuko dute Sorkuntza Beka. Kalusek 2.000 euro jasoko ditu. Ibon Gerrak azaldu duenez, oraindik ez dakite beren esperimentuak zertan amaituko duen, baina azken emaitzera iristeko behar duten materiala erosteko erabiliko dute jasotako diru-laguntza. Musikarekin esperimentatzea eta inprobisazioarekin jolastea nahiz inprobisaziotik harago joatea nahi du Kalusek. Gainera, beren kabuz grabatu nahi dute aterako duten hurrengo diskoa. Guerrak aurreratu du buruan darabiltzan asmoen artean dagoela "grabaketa estudio mugikor bat" muntatzea, eta grabaketak, besteak beste, ermitaren batean egitea.

Korosagasti filma

Erabaki Produkzioakek arte disziplina desberdinetan aritzen diren hainbat herritarren laguntzaz sortutako proiektua da Korosagasti. Beizamako Korosagasti baserrian gertatutako krimenak islatuko dituen filma da, eta sorkuntza beka jasotzen duen bigarren aldia da aurtengoa. Bigarrengo aldi honetan 2.200 euroko diru-laguntza jasoko du. Iaz, filmaren gidoia osatzeko baliatuko zuten beka. Miren Gorrotxategik eta Alaitz Olaizolak sortu zuten gidoia. Bigarren fasean, grabaketari ekingo diote. Asier Sustaeta Erabaki Produkzioakeko kideak aurreratu duenez, urriaren bukaera aldera hasiko dira grabaketa lanekin, eta martxoa iristerako amaitzea aurreikusten dute.  

Lekaime film laburra

Xanti Rodriguezek zuzendutako film laburra da Lekaime. 40. hamarkadan kokatzen da, eta "Hitlerrek Hendaia zapaldu zuen egunetan dago oinarrituta". Lantzen dituen gaien artean daude magia beltza, nazismoa eta Elizari lotutako haurren bahiketak. Rodriguezek 2.124 euroko diru-laguntza jaso du, eta azaldu duenez, film laburra sortzeko baliabideak eskuratzeko erabili du beka, "batez ere postprodukzioarekin lotutako lanetara". Sorkuntza Beka bezalako laguntzek "aurrera egiteko gogoa" ematen dutela dio Rodriguezek. 

Kuraiosa dokumentala

Nora Alberdi azpeitiarraren proiektua da Kuraiosa dokumentala. Alberdik 1.476 euroko diru-laguntza jasoko du, eta ikus-entzunezkoaren ekoizpenera bideratuko dituela azaldu du. Haren hitzetan, proiektuak "emakumeen ahalduntzea" du xede. Alberdik azaldu duenez, dokumentalak bi motatako edukiak jasoko ditu. Alde batetik, adin ezberdinetako hamaika emakumeri egindako elkarrizketak izango ditu Kuraiosak. Protagonista horiek emakume bezala bizi dituzten zenbait kontutaz mintzatuko dira dokumentalean. Bestetik, elkarrizketetan oinarrituko diren performaceak jasoko ditu egileak bere ikus-entzunezkoan. Gainera, Ikus-entzunezko Zientzien graduaren amaierako lanarekin lotuko du Kuraiosa lana haren egileak. 

Kaiera liburuxka

Txakur Gorria sormen kolektiboko taldearen proiektua da Kaiera liburuxka. Malen Amenabar larrabetzuarrak, Mariñe Arbeo uretxuarrak, Nerea Ibarzabal markiñarrak eta Ane Labaka lasartearrak osatzen dute Txakur Gorria. Duela bi urte eta erdi inguru hasi ziren Txakur Gorria izenburupean elkarrekin denetariko lanak sortzen eta autoedizioaren aldeko apustua egiten. Orain, Kaiera liburuxka da esku artean duten proiektua, eta 1.600 euroko diru laguntza jasoko dute Sorkuntza Bekatik. Egileek azaldu dutenez, hitzak eta ilustrazioak uztartuko dira Kaieran. Amenabar eta Arbeo arduratuko dira marrazkiak egiteaz, eta Ibarzabal eta Labaka hitzak idazteaz.  

Artista Liburua

Leire Arenas azpeitiarrak aurkeztutako proiektua da Artista Liburua. Hori egiteko 1.000 euro jasoko ditu Arenasek. Liburu horretan berak egindako denetariko lanak jasoko ditu, irudigintzatik abiatuta eta diseinu grafikoa eta enkoadernaketa uztartuta. 

Sorkuntza Bekaren uzta

Kultur Mahaik eta Udalak aurreratu dutenez, 2018ko Sorkuntza Beka jaso duten lagunek urtea amaitu aurretik bukatu beharko dituzte beren lanak. Ondoren, sortutako proiektuak Azpeitian eta jendaurrean aurkeztu beharko dituztela azaldu du Ainara Larrañaga zinegotziak.

Josu Labaka Kultur batzordeburuak adierazi duenez, "Udalaren helburuetako bat da kultur jarduna aberastea, eta hori horrela izan dadin oinarriak indartzea". Hori xede hartuta, azken urteetan Udalak hainbat pauso eman dituela azaldu du Labakak, eta aipatu du egindako urrats horien artean dagoela Sorkuntza Beka. Era berean, azpimarratu du, kultura nonbaitetik egin behar bada, "herritik" egin behar dela, eta Udalak horretarako baliabideak jarri behar dituela. Olatz Prat Kultur Mahaiko lehendakariak esan du, Sorkuntza Beka sortzaileentzat "erreferente" izatea nahi dutela. Gainera,  Kultur Mahaian atea zabalik daudela azpimarratu du: "Sortzaileek atea jo dezaketen leku bat izatea nahi dugu; sortzaileentzat babesleku bat". 

2016an jarri zuten martxan Sorkuntza Beka Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak kultur sorkuntza bultzatzeko eta sortzaileei beraien obra sortzeko laguntza ekonomikoa emateko xedearekin. Orduan hamar proiektu aurkeztu zituzten, eta horietatik bost lagundu zituzten diruz. Aurreneko urtean 6.000 euro bideratu zituzten sortzaile gazteen proiektuak diruz laguntzera, eta iaz diru partida hori bikoiztu zuten. Beraz, 2017. urtean 12.000 euro bideratu zituzten Sorkuntza Bekara, eta diru-laguntzak zortzi proiekturen artean banatu zituzten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide