Eskuz Binakako Txapelketa Nagusiko final laurdenetako bat jokatuko dute Ezkurdiak eta Ladis Galartzak Irribarriaren eta Zabaletaren aurka, bihar, ostirala, Azpeitian. Uztarria Komunikazio Taldeak jaialdirako sarrera bikoitz bat zozkatu du bazkideen artean, eta Ibai Aldalur da sarreren irabazlea. Uztarria dagoeneko jarri da harekin harremanetan sarrerak nola eskuratu azaltzeko.
Biharko pilota jaialdia Ilunpe pilota elkarteak antolatu du, eta 22:00etan hasiko da. Bi neurketa ikusteko aukera izango da Izarraitzen; izan ere, txapelketa nagusiko partidaren aurretik Promozio Txapelketari dagokion beste neurketa bat jokatuko dute, eta norgehiagoka horretan izango da Jon Alberdi. Aurrelari azpeitiarrak Ugalderen eta Jaunarenaren kontra jokatuko du, Erasun bikote duela.
Sarrerak www.entradasfronton.com webgunean eskura daitezke. Kantxako sarrerak 25 euro ordaindu beharko dira, eta gradakoak hogei euro. Bihar ere eskuratu ahal izango dira sarrerak Izarraitz pilotalekuko lehiatilan; 18:00etan zabalduko dute.