Karnabaletako jai giroan murgiltzen jarraitzeko, kontzertu berezia eskainiko dute Udal Musika Bandak eta Julian Barrenetxea abesbatzak bihar. Sanagustin kulturgunean izango da emanaldia, 13:00etan hasita, eta karnabaletako hainbat abesti eskainiko dituzte musikariek eta abeslariek, Unai Frantzesena bandako zuzendariaren gidaritzapean. Jose Mari Altunak, Jose Luis Frantzesenak nahiz Borja Izagirrek moldatutako abestiak joko dituzte.
Honako hauek dira kontzertuan eskainiko dituzten abestiak:
- Txarri baten gibela
- Sarralle buru haundi
- Pello Bixente
- Inauteriak
- Goiz-eresia
- Lolita
- Soka mutila
- Nere andrea
- Gure kuadrillan
- Iskillun maskillun
- Xirri bat egin nion
- Idiarena
- Bihotz eritua
- Suzko zezena
- Gora karnabalak, miamol!
- Sagardo tokian
Azpeitiko Karnabal jaietako abestiak izango dira protagonista kontzertuan, eta irudiek lagunduko diete doinuei. Izan ere, Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek iazko Karnabaletan ateratako irudien proiekzioa ikusi ahal izango da agertokiko pantaila handian. Alaitz Ruiz bandako eta argazki elkarteko kidea ari da irudien muntaia egiten.