Karnabalak iritsi dira kalera. Ostiral Mehe egunez ohi dutenez, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleak eta irakasleak kalejiran ibili dira gaur arratsean, euskal inauterien jaialdiarekin aurtengo jaien egitaraua estreinatuz.
Euskal Herriko inaute tradizionalen kolorea, bizitasuna, umorea, musika eta dantzak kalez kale eta plazaz plaza barreiatu dituzte aurten ere. 18:30ean Olazko Andre Mariaren plazatik abiatuta, Alde Zaharrean zehar ibili dira ordubete luzez, plazan (aurrena eta azkena), parrokia atarian eta Perez Arregi plazatxoan beren koreografiak eskaintzeko geldialdiak eginez. Miel Otxinek, Ziripotek, zanpantzarrek eta erraldoiek lagun izan dituzte aurten ere joariek, bolantek, mamoxarroek, kotilungorriek eta txatxoek.