Karnabalak 2019

Eguraldi bikainarekin, elegante

Uztarria.eus 2019ko mar. 3a, 15:06

Jai Karnabala elegante hasi da Azpeitian, eguraldi bikainarekin eta giro ederrean. Ehunka herritar elegante jantzita atera da kalera, eta giro paregabea izan da goiz eta eguerdi partean Alde Zaharrean. Izarraitz txistulari taldekoen goiz eresiarekin hasi da festa eguna. Segidan, Udal Musika Bandaren diana izan da. 12:00etan, sokamuturra izan da Erdikaletik aterata plazan. Lopene ganadutegiko zezena ibili da eguerdiko sokamuturrean. 12:30ean hasi da artzain-inudeen kalejira, eta San Martin egoitzako egoiliarrak bisitatu ondoren, plazan hainbat dantza egin dute Itsasiko dantzariek. Artzain-inudeekin batera, San Sebastian eguneko karroza atera dute gaur ere, Lagun Onak Futbol Taldearen 75. urtemuga du gaia aurtengoak.

Bazkaltzeko tartea hartuta, arratsaldean jarraituko du festak. 16:30ean sokamuturra izango da berriro, baina aurretik 15:00ak arte Incansables txaranga ibiliko da. 19:00etatik 23:00etara, berriz, Rock Kalean elektrotxaranga ibiliko da Alde Zaharreko kaleak girotzen, eta 19:30etik 23:30era Gau Erdi txaranga. Asteartera bitartean festak ez du etenik izango Azpeitian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide