Karnabalak 2019

Astelehen Karnabal gaua, Ibizatik Hollywoodera Queen-en erritmora

Uztarria.eus 2019ko mar. 5a, 11:34

Giro paregabea izan zen atzo gauean ere Azpeitiko kaleetan. Aurten inoiz baino gehiago izan dira Astelehen Karnabal eguerditik edo arratsaldetik mozorrotuta ibili direnak, baina gauean egin zuen eztanda mozorroen festak. Mozorroak bezala, askotariko musikak eta doinuak entzun ziren bazterretan, baina aurten txalotuenak, dudarik gabe, Queen taldearenak izan dira. Freddie Mercury eta taldekideak han eta hemen ibili ziren eerakustaldiak eginez egunean zehar, eta gauean plaza kantuan eta dantzan jarri zuten, kioskoan eman zuten kontzertuarekin. Ibizako gau giroaren oihartzunak ere indarrez iritsi ziren Azpeitira atzo, Privilege diskotekakoak, hain zuzen ere; eta Hollywoodeko izarrek ere ez zuten galdu nahi izan karnabaletako jai giroa.

Udalak antolatutako mozorro lehiaketan saria izan zuten hiru horiek: Queenentzat izan zen lehen saria, Hollywoodentzat bigarrena, Privilege-entzat hirugarrena, eta igeriketa sinkronizatuko taldearentzat laugarrena. Banakako edo binakako mozorroetan, berriz, sorginek lortu zuten lehen saria, egutegiek bigarrena eta Guns & Roses-ek hirugarrena. Ondoen girotutako tabernaren saria, berriz, Orkatzentzat izan da aurten, MTV sarien parodiarengatik.

Gaueko festaren hondarrak bizirik daude oraindik herrian, baina laster hasiko da Karnabal festak agurtzeko atzera kontaketa. Hauxe da jaietako azken eguneko egitaraua:

12:00. Banda gaztearen kalejira.

16:00. Txiki chef tailerrak, Azoka Plazan.

16:15. Zezenaren irteera girotzen ariko dira Izarraitz txistulari taldea eta Udal Musika Banda, Plaza Txikian.

16:30. Sokamuturra.

18:30. Irulitxa txarangaren emanaldia.

20:00. Suzko zezena, plazan. Irulitxa txaranga ariko da giroa alaitzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide