"Ikusgarriak". Aurtengo karnabalez balorazio hori egin du Azpeitiko Udalak. Erakundeak ohar bidez azaldu duenez, eguraldi "ezin hobea" izan da festen iraun duten egun guztietan, eta ostiraletik asteartera izan da zer ikusia kaleetan. "Pozik" agertu da Mikel Ibarzabal Udaleko Festa batzordeburua festek utzitakoarekin: "Jende ugari ibili da ostiraletik asteartera bitartean kalean; jende ugari ibili da elegante jantzita eta mozorrotuta". Hark, gainera, "normaltasuna" azpimarratu du; izan ere, udal zinegotziaren arabera, ez da aparteko gertakaririk izan jaietan.
Herritarrek jaietan izan duten parte-hartzea ere azpimarratu du Ibarzabalek: "Kaldereroetan, Udal Musika Bandaren kontzertuan, euskal inauterien kalejiran, zapatuko ekintzetan, Elegante Egunean, Astelehen Karnabalean... Egun eta ekintza guztietan izan da izugarria parte-hartzea. Jendetza izan da ekintza guztietan". Hark, gainera, herriak karnabal jaietan hartzen duen itxura aipatu du, eta eskerrak eman dizkie herritarrei, "festei alderik garrantzitsuena" izateagatik.
Aurtengo karnabaletarako haurrentzako ekintza gehiago antolatu ditu Udalak, eta horiek "harrera ona" izan dutela adierazi du Ibarzabalek: "Larunbatean haur parkea izan zen plazan; astelehenean, desfilea bukatzean, Kantu Kolorerekin dantzaldia, eta arratsaldean DJ festa eta txokolatada; asteratean, berriz, txiki chef tailerra izan zen. Ekintza guztietan ibili dira haur asko, eta gustura gaude horiek izan duten emaitzarekin". Horretaz gain, Astelehen Karnabal egunaren bilakaera azpimarratu du Festa batzordeburuak: "Egun osoko festa bilakatu da familientzat; izan ere, goizetik mozorrotuta gero eta jende gehiagok irteten du. Umeen aitzakian, familia giroko eguna bilakatzen ari da egun hori azken urteotan".
Eraso "aipagarririk" ez
Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, festak igarota, ez du eraso "aipagarririk" izan denik jakin. Eraso matxisten gaiaz sentsibilizatzeko eta herritarrei informazioa nahiz lehen harrera eskaintzeko karpa izan zen igandean eta astelehenean Plaza Txikian, eta hara herritar "ugari" bertaratu dela jakinarazi du erakundeak. "Jende asko bertaratu da karpara galderak egitera, informazioa eskatzera edo esperientziak trukatzera". Udalak festa giroan gertatzen diren eraso sexisten jakitun jarri du karpa karnabaletan ere.