2019ko santioak eta saninazioak

Inoiz baino anitzago datoz herriko festak

Uztarria.eus 2019ko uzt. 19a, 14:45

Azpeitiko hainbat eragile, festen aurkezpeneko argazkian.

Uztailaren 25ean hasiko dira ekitaldi nagusiak, Baserritarren Egunarekin, eta abuztuaren 2ra bitartean, askotariko ekitaldiak izango dira. Lagun Onak futbol klubekoek eta Odol Emaileen Elkartekoek botako dute saninazioetako txupinazoa. Udalak erasorik gabeko festak aldarrikatu ditu; eraso matxisten inguruko informazioa emateko arreta gunea jarriko dute, eta aurten lehenengoz, telefono bidezko zerbitzua eskainiko dute.

Asteburuan hasiko dira Azpeitiko festak, eta dagoeneko jakinarazi dute zein izango den egun horietako egitaraua. Herriko hainbat eragilek argazki jendetsua atera dute Azpeitiko plazan, festa horiek iragartzeko. Aurtengorako ere, adin eta gustu guztietarako jarduerak antolatu dituzte. "Azpeitia anitza da, eta festak ere aniztasun horrentzat antolatu nahi izan ditugu", azaldu du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak.

Haren arabera, festak "herri baten isla" dira, eta saninazioak ere Azpeitiaren "oinarriak eta balioak" erakusteko egunak izango dira. "Erakuts diezaiogun munduari garena: etorkizunari irekitako herria, geurea dena maite duguna eta zaintzen duguna; herri euskalduna, anitza, parekidea, elkartasunez betea…".

Dagoeneko gauza jakina da Lagun Onak futbol klubeko eta Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteko kideek botako dutela uztailaren 30eko txupinazoa, eta horri erreferentzia egin dio Alkortak. "Azpeitian kulturan, kirolean eta gai sozialetan lanean ari diren hamaika talde ditugu. Hamaika dira aurtengoan ere txupinazoa botatzea mereziko zuten taldeak, baina biri egokitu zaie. San Inazio bezperan, 75. eta 50. urteurrenak ospatzen dituzten Lagun Onak futbol taldeak eta Odol Emaileen Elkarteak emango diete festei hasiera. Azpeitiko benetako altxorra horixe da: herri eragileetan lanean ari diren taldeak, eta saninazioen hasieran ere hori izango dugu presente".

Era berean, Alkortak nabarmendu du festak "denok gozatzeko" direla. "Azpeitian guztiontzako lekua dago, berdin du sexua, adina, arraza, erlijioa… Guztiok dugu Azpeitiari eta festei zer eskainia, eta horixe errespetatzeko eta zaintzeko eskatu nahi dizuet. Sentitu aske zaretena izateko, sentiarazi aldamenekoa aske den bezalakoa agertzeko, eta askatasun horren oinarri izan dadila errespetua".

Mikel Odriozola Festa Batzordeburuak azaldu duenez, festak antolatzea "puzzle bat osatzea bezalakoa" izan da. "Herriko eragile ugarik antolatu nahi izaten dituzte ekintzak egun horietan, eta hori egundokoa da. Udalari guztiari forma ematea eta osatzea egokitzen zaio. Beraz, ekintzen antolaketan ibiltzen diren guztiei gure esker ona adierazi nahi diegu". Era berean, gogoan izan du orain gutxi arte Festa Batzordeburu izan den Mikel Ibarzabal, eta haren lana eskertu du Odriozolak. "Agintaldi bat bukatu eta segituan iritsi dira festak, eta Ibarzabalek festak bideratuta laga zituen; hori eskertu beharrean nago".

Hasiera, uztailaren 25ean

Asteburuan Azpeitia festa giroan murgilduko bada ere, uztailaren 25ean hasiko dira ekitaldi nagusiak; hau da, Baserritarren Egunean. Goizetik arratsaldera bitartean, herriko plazaren bueltan, hamaika ekintza izango dira, ohi bezala. Ostiralean atseden hartu ostean, larunbata eta igandea ere "gogor" etorriko dira, Odriozolaren esanetan. "Zapatuan, preso, iheslari eta deportatuen eguna izango da, eta eguerditik gauera arte hainbat ekintza izango da. Igandean, txikienen eguna izango da; Umeen Egunean haurrek eta erraldoiek izango dute protagonismo osoa. Eguerdiko dantzen ostean bazkaria egingo dute, eta arratsaldean ere jolas artean egingo dute festa".

Horren guztiaren ostean hasiko dira ofizialki San Inazio festak, uztailaren 301ko suziriarekin, eta hiru egunez, askotariko ekitaldiak izango dira: herri bazkaria, kontzertuak, suziriak, haurrentzako ekintzak, pilota partidak, gisatu txapelketa… Aurten, gainera, aniztasun funtzionala duten pertsonek ere barrakez gozatu ahal izan dezaten, bi arratsaldez ez da musikarik izango barraketan. "Bide horretan jarraituko dugu lanean", adierazi du Odriozolak.

Festak gozatzeko ez ezik, lanerako egunak ere izaten dira askorentzat, eta horretan jarri du arreta Festa Batzordeburuak. "Askotan, ez da erraza izaten festa giroa eta lana uztartzea, eta horregatik, errespetua eskatu nahi dugu han eta hemen lanean ari diren guztientzat". Ildo horretan, Azpeitira lanera etortzen direnentzat aterpea prestatuko du udalak: atseden hartzeko, lo egiteko, egoteko eta dutxatzeko lekua eskainiko dute. "Gure asmoa da herrian eman behar dituzten lanegunak ahalik eta erosoen pasatzeko baliabideak eskaintzea".

Erasorik ez

Idoia Arrizabalaga zinegotziak azpimarratu du saninazioak "denak gustura eta libre" ibiltzeko egunak izatea nahi dutela. "Festak harreman parekideak eta askeak eraikitzeko eta aniztasunetik gozatzeko espazioa izatea nahi dugu. Azpeitiko Udalarentzat lehentasunezkoa da diskriminaziorik eta erasorik gabeko herria eta festak eraikitzea".

Udalak "arreta berezia" jarri nahi izan du lanketa horretan. "Festa giroan dena libre delako ustea zabaltzen da, eta erasoak gertatzeko aukerak handitu egiten dira. Horregatik, urte osoko hezkuntza eta sentsibilizazio ekintzekin jarraituz, festetarako kanpainaren barruan neurriak hartuko ditugu", esan du Arrizabalagak. Horren harira, udala dagoeneko hasi da herriko tabernetatik pasatzen eta erasoen aurrean nola jokatu behar den jasotzen duen protokoa azaltzen eta idatziz uzten. Gainera, festetarako abian jarri den kanpainako hainbat pegatina utziko dituzte tabernetan.

Urtero bezala, eraso matxisten inguruko informazioa emateko arreta gunea jarriko dute Plaza Txikian festa egunetan: uztailaren 30ean, 18:00etatik 06:00etara izango da zabalik; uztailaren 31n, 20:00etatik 04:00etara; eta abuztuaren 1ean, 18:00etatik 06:00etara. Horrez gain,  berrikuntza gisa, arreta telefono bat jarriko dute: egunero, 20:00etatik 08:00etara, eraso matxisten inguruko informazioa eta aholkularitza eskainiko dute adituek bertan. Festetan telefono horretara deitzea behar dutenek eskura izan dezaten, pegatinak egingo dituzte, mugikorraren atzealdean itsatsi ahal izateko.

Egitaraua

-Zapatua, uztailak 20

10:30-13:30 eta 16:00-18:00. 37. Usakume tiraketa, Odria auzoan.

11:00-19:30. XVI. Auto Klasikoen rallya.

 

-Uztailak 25, osteguna: Baserritarren eguna

09:00-14:00. XXV. Cesar Valverde Pilota Txapelketako finalak, Izarraitz pilotalekuan.

10:30. Goiz eresia, Udal Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldearen eskutik.

10:30. Nafarroako banderari omenaldia, Perez Arregi plazan hasita. Erdikaletik kalejira eginda, plazan ohorezko dantza egingo dute.

11:00. Eskualdeko ganadu erakusketa.

11:00. XXI. Gazta Lehiaketa.

12:00. 47. Sagardo Txapelketa eta dastaketa. Plazan kantuan ariko dira Unai Agirre, Iker Zubeldia eta Sebastian Lizaso bertsolariak, eta trikiti doinuz alatuko dute Lajak, Lutxurdiok eta Berastegik.

18:00. Kantujira, kalez kale.

18:00. Errekortariak, zezen plazan.

19:30-22:30. Jainekin txarangaren emanaldia.

 

-Uztailak 27, zapatua: Presoen eguna

12:00. Kimura judo klubeko kideen erakustaldia, plazan.

12:00. Mural margoketa, Erdikalean.

14:30-19:30. Karting eta minimotard erakustaldia, Perez Arregi plaza inguruan.

19:00. Manifestazioa plazan hasita, Sarek deituta.

21:00. Afaria eta ekitaldia, Azoka Plazan.

23:00. Tximeleta taldearen erromeria eta Gorpuzkingz taldearen kontzertua, txosnetan.

 

-Uztailak 28, igandea: Umeen eguna

10:00. Goiz eresia, Itsasi dantza taldeak antolatuta.

Ondoren, korporazio txikia, Juan Antxieta musika eskolako txistulariek eta banda gazteak lagunduta.

11:00. Umeen meza nagusia, parrokian. Juan Antxieta musika eskolako abesbatzak parte hartuko du.

12:00. Haurrentzako dantzak, plazan.

12:30. Erraldoien dantza saioa eta sari banaketa, plazan.

14:00. Umeen bazkaria.

16:00. Umeentzat jolasak eta kalejira.

16:00. XXXIX. Inazio Deuna Txirrindularitza Saria, Perez Arregi plazatik abiatuta.

17:30. Gaztetxoen kalejira, Alde Zaharrean.

19:00. Desenkajonamentua, zezen plazan.

22:00. Udal Musika Bandaren pasodobleen emanaldia, plazan.

 

-Uztailak 30, asteartea: San Inazio bezpera

11:00. Hamaiketakoa, plazan.

12:00. Txupinazoa botako dute Azpeitiko Odol Emaileen elkarteko kideek eta Lagun Onak futbol taldeko kideek.

Ondoren, Udal Musika Bandak, Izarraitz txistulari taldeak, Ziekoko gaiteroak eta erraldoiek nahiz buruhandiek kalejira egingo dute.

12:05. Marea Arroxaren kalejira.

15:00. Herri bazkaria, plazan.

17:00. Jolasak, txosnetan.

18:00-19:30. Bigantxak eta zezen txikiak, Done Jakue kalean.

18:00. Kantu Koloreren Honolulu emanaldia, Olazko Andre Mariaren plazan.

18:30. Elektrotxufla elektrotxaranga.

19:00. Meza eta bederatziurrena, Loiolako basilikan.

19:30-21:00. Burrunba elektrotxaranga.

22:00. The Potes, txosnetan.

23:00. Su festa, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik.

23:30. Hesian taldearen emanaldia, plazan.

23:30. Izer eta Alabier, Olazko Andre Mariaren plazan.

01:00. Ezten Giro taldearen erromeria, txosnetan.

 

-Uztailak 31, asteazkena: San Inazio eguna

09:00. Goiz eresia, Udal Musika Bandaren, Ziekoko gaiteroen eta Izarraitz txistulari taldearen eskutik.

10:10. Udal ordezkarien korporazioa, parrokiara.

10:30. Prozesioa.

11:00. Eukaristia, parrokian.

12:00. Urolatarrak txarangaren emanaldia.

12:30. Arratsaldeko zezenen aukeraketa, zezen plazan.

12:30. Entzierro txikia, Elizkaletik Done Jakue kalera.

13:00. Udal Musika Bandaren kontzertua, Sanagustin kulturgunean.

15:00. Txomingeroen bazkaria.

17:00. Gaztetxoentzat jolas parkea, plazan.

17:30. Oñatz elkarte animalistak deituta, elkarretaratzea.

18:00. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean.

18:30. Zezenketa.

19:00. Oria txarangaren emanaldia.

22:00. Jotakie taldearen kontzertua, txosnetan.

22:30. Eskuzko pilota partidak, Izarraitz frontoian. Lehen partidan, Alberdi eta Aranguren Egiguren V.aren eta Erostarberen kontra ariko dira. Bigarrenean, berriz, Olaizola II.ak eta Albisuk Altuna III.aren eta Zabaletaren kontra neurtuko dituzte indarrak.

23:00. Su festa, Pirotecnia Caballerren eskutik.

23:30. Celtas Cortos taldearen kontzertua, plazan.

22:30. Saltoka taldearen erromeria, Olazko Andre Mariaren plazan.

01:00. Crudas Cubensi taldearen kontzertua, txosnetan.

02:30. DJ Albaren emanaldia, txosnetan.

 

-Abuztuak 1, osteguna: San Inazio bigarrena.

09:00. Goiz eresia, Izarraitz txistulari taldearen, Udal Musika Bandaren eta Ziekoko gaiteroen eskutik.

10:15. Udal ordezkariek ongietorria egingo diete Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei, plazan.

Ondoren, korporazioan joango dira Loiolara.

11:00. Meza nagusia, basilikan.

12:00. II. Gixau Txapelketa, plazan.

12:30. Entzierro txikia, Elizkaletik Done Jakue kalera.

12:30. Arratsaldean toreatuko dituzten zezenen aukeraketa.

15:00. Gixau-jana, Azoka Plazan.

18:00. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean.

18:00. Emakumeok plazara, ekitaldia.

18:30. Zezenketa.

18:30. Emakumeen eskuzko pilota partidak, Frontoi Txikian.

19:00. Los Pasai txarangaren emanaldia.

22:00. Joselu Anaiak, Olazko Andre Mariaren plazan.

22:00. Bultz taldearen txosnetan.

Ondoren, Ernairen ekitaldia, txosnagunean.

23:30. La Mare eta Esne Beltza taldeen kontzertuak, plazan.

01:00. Afu taldearen kontzertua, txosnetan.

03:00. Tasound System taldearen kontzertua, txosnagunean.

 

-Abuztuak 2, ostirala

06:00. Incansables txarangaren emanaldia.

07:30. Bigantxak, Done Jakue kalean.

08:30. Zumba emanaldia.

Ondoren, gaupaseroen argazkia.

09:00. Suziri eta danbatekoak, herri jaien bukaera irudikatzeko.

12:30. Arratsaldean toreatuko dituzten zezenen aukeraketa.

18:30. Zezenketa.

19:00-22:00. Gau Erdi txarangaren emanaldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide