Koronabirusa Azpeitian

Beste 1.500 bono jarriko dituzte salgai

Gaur goizean bertan agortu dira 'Azpeitia zaindu' kanpainaren baitan Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatarien elkarteak salgai jarri dituzten 1.500 bonoak. Kanpainak izan duen arrakasta ikusita, aurki beste horrenbeste bono salgai jartzea adostu dute antolatzaileek. Datozen egunetan jakinaraziko dute noiz eta nola erosi ahal izango diren erosketa txartel horiek.

Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak abian jarritako Azpeitia zaindu ekimenak erantzun "bikaina" du. Gaur salgai jarritako 1.500 bonoak goizean bertan agortu dira, eta horregatik, epe laburrean beste horrenbeste bono salgai jartzeko asmoa adierazi dute antolatzaileek, noiz eta nola oraindik zehaztu ez den arren.

COVID-19ak sortutako kalteen aurrean bertako merkataritza eta ostalaritza txikia sustatzea eta, aldi berean, herritarrei beren erosketak egiteko pizgarria ematea ditu helburu Azpeitia zaindu bono kanpainak. Ekimen horren baitan, 50 euroko balioa izango duten 1.500 txartel edo bono aterako dituzte, eta erosleek 35 eurotan eskuratu ahal izan dute horietako bakoitza.

Antolatzaileek adierazi dute euren "aurreikuspenik onenak" bete dituztela herritarrek. "Internet bidez salgai jarritako 750 bonoak 13 minututan agortu dira eta ilara luzeak osatu dira Bertanen bulegoan, beste 750 bonoak eskuratzeko. Horrenbestez, salgai jarri diren goiz berean agortu dira bono guztiak".

Arrakasta ikusita, Azpeitiko Udalak eta Bertanek bono gehiago salgai jartzea adostu dute, beste 1.500 hain zuzen ere. Oraindik ez dute zehaztu herritarrek noiz eta nola eskuratu ahal izango diren bono horiek. Hurrengo egunetan emango dute horren berri.

Gaur bonoa erosi ezinik gelditu diren herritarren zerrenda osatu du elkarteak, eta jakinarazi du herritar horiek lehentasuna izango dutela bono berriak jaulkitzen dituztenean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide