Beste aste batez, COVID-19aren hedapenak hankaz gora jarri ditu astebururako prestatutako hitzorduak, eta datozen egunetan egitekoak ziren kirol ekitaldi gehienak bertan behera utzi edo ikuslerik gabe egingo dituzte Eusko Jaurlaritzak nahiz Azpeitiko Udalak ezarri dituen neurriak tarteko. Egoera epidemiologiko larria duten 5.000 biztanletik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietan aplikatu beharreko neurriak zehaztu zituen atzo Eusko Jaurlaritzak. Azpeitiko Udalak gaur goizean lehen orduan egin du bilera. Bertan, COVID-19 gaitzaren hedapena murrizteko herrian aplikatu beharreko arauak aztertu eta zehaztu dituzte.
Asteburuko goi mailako kirol ekitaldiak ikuslerik gabe egingo dituzte. Beraz, Lagun Onak Futbol Taldeko mutilen lehen taldeak ikuslerik gabe jokatuko du Espainiako Hirugarren Mailako ligako lehen neurketa. Gainera, bertan behera utzi dute Ugaitz Kerejetaren omenez egitekoak ziren ekitaldia. Lagun Onakek hitzordu berezia zuen prestatuta biharko, klubak ligako lehen neurketa hori baliatu nahi baitzuen abuztuan zendu zen Ugaitz Kerejeta omentzeko. Ostiral arratsaldez erabaki du klubak ekitaldia bertan behera uztea, prebentzioz.
Juaristi ISBko mutilek ere ateak itxita jokatuko dute Espainiako Zilarrezko LEB Ligako hirugarren jardunaldia. Juaristik Azpeitiko Kiroldegian du hitzordua igandean, eta Alkobendasen aurka neurtuko ditu indarrak, 18:00etan hasita.
Gipuzkoako Futbol Federazioak ere datozen bi jardunaldiak atzeratzea erabaki du. Horrek eragin zuzena du herriko kluben agendan. Horrenbestez, Ikasberri Kirol Elkarteko zein Lagun Onakeko maila gehienentsuetako futbol taldeen partidak –tartean, Lagun Onakeko neskena– bertan behera utzi dituzte.
Entrenamenduak eta teknifikazioak ere, bertan behera
Asteburuko jardunaldiak ez ezik, Azpeitiko kirol elkarte gehienek bertan behera utzi dituzte hurrengo asteko entrenamenduak eta teknifikazio eskolak.
Gipuzkoako Futbol Federazioak hartutako erabakien ondorioz, bertan behera utzi dituzte Lagun Onak futbol taldeko nahiz Ikasberri kirol elkarteko maila gehienentsuetako taldeen entrenamenduak. Azpeitiko futbol klubek jakinarazi dutenez, 15 egunez utzi beharko dituzte bertan behera entrenamenduak.
Iraurgi Saskibaloi Taldearen teknifikazio eskolako saio guztiak ere bertan behera utziko dituzte.
Xake saioak ere etenda
Bestalde, Xaputarrak xake klubak ere neurri murriztaileak hartu ditu, COVID-19 gaitza dela eta. Hain zuzen ere, xake ikastaroak etetea erabaki dute, baita entrenatzeko hartuta zituzten egunetan ez elkartzea ere. "Dena lasaitzen denean" berhartuko dituzte saioak.