Euskal Antzerki Topaketak 2020

'Kaskarot' antzezlanaren larunbateko emanaldia bertan behera utzi dute

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 29a, 10:54

Eusko Jaurlaritzaren arabera, Azpeitiarekin mugakide diren herrietako bizilagunek badute aukera Antzerki Topaketetako emanaldietara joateko, sarrera erosita baldin badute.

Euskal Antzerki Topaketen barruan larunbat arratsalderako programatutako Kaskarot lanaren emanaldia bertan behera utzi behar izan dutela jakinarazi du Azpeitiko Udalak. Haurrei eta helduei zuzendutako ATX teatroaken obra da Kaskarot, eta larunbatean 17:00etan hasita ematekoak ziren  Soreasu antzokian, baina "osasun arazoak tarteko", ez da emanaldirik izango. Udalak esan du aztertuko duela aurrerago antzezlan hori eskaintzeko aukera.

Aste honetarako programatutako gainontzeko emanaldiek bere horretan jarraituko dute. Gaur hasiko dira emanaldiak, Matriuska lanarekin. Dinamoa sormen gunean izango da hori, 19:30etan hasita. Bihar, ostirala, Vaiven produkzioaken Erlauntza lana ikusi ahal izango da (19:30); eta igandean, Xake produkzioaken Fadoak entzuten zituen gizona (19:30). Emanaldi guzti horietarako sarrerak ere udalaren webgunean eskura daitezke, bost euroren truke.

Mugakide diren herrietako bizilagunak joan daitezke

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak aste honetan hartu dituen neurri murriztaileak direla eta, Antzerki Topaketei eragiten dieten hainbat neurri hartu zituen atzo, osteguna, Azpeitiko Udalak. Batetik, emanaldi guztiak Soreasun izango dira, gaur arratsaldekoa izan ezik. Bestetik, Soreasuko edukiera %30era murrizteko erabakia hartu du udalak. Hala, gehienez ere 160 lagun sartuko dira emanaldi bakoitza ikustera. Eta azkenik, Azpeitiko bizilagunak ez diren eta emanaldiren baterako sarrera erosita duten herritarrei dirua berreskuratzeko aukera emango die, kultura@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 943-15 70 68 telefono zenbakira deituta.

Eusko Jaurlaritzak zehaztu duenez, baina, Azpeitiarekin mugakide diren herrietako bizilagunek badute Antzerki Topaketetako emanaldietara joateko aukera, "sarrerarekin behar bezala justifikatzen bada".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide