'Bateragune auzia' berriro irekitzearen aurka, Azpeitiko eragile politikoek, sozialek eta sindikatuek elkarretaratzea deitu dugu larunbaterako

Xabier Agirretxe, Miren Arrieta, Xabier Otamendi, Eneka Urbieta, Luxio Galarraga eta Maite Aramendi 2020ko abe. 18a, 17:10

Xabier Agirretxe ELAko kideak, Miren Arrieta Sareko kideak, Xabier Otamendi LABeko kideak, Eneka Urbieta Etxerateko kideak, Luxio Galarraga Gure Esku Dagoko kideak eta Maite Aramendi EH Bilduko kideak Uztarriara bidali duten iritzi artikulua da honakoa.

Azpeitiko EH Bilduk, Sarek, Etxeratek, ELAk, LABek eta Gure Esku Dagok bat egin dugu larunbatean herriz herri egingo diren Bateragune auziari berriro ekiteko erabakiaren aurkako elkarretaratzeen deialdiarekin, eta 18:00etan izango da hitzordua Azpeitian, herriko plazan.

Abenduaren 14an jakin genuen, Auzitegi gorenaren erabakiz, Bateragune Auzia berriro irekiko dutela. Beraz, berriro epaituko dituzte zigorra osorik bete zuten Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodríguez eta Miren Zabaleta. Bereziki nabarmentzekoa da gainera, lehen aldia dela Giza Eskubideen Europako Auzitegiak baliogabetutako epai bat berriz zabaltzen dena. Izan ere, 2018an, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen inpartzialtasunik gabe epaitu eta kondenatu zituztela Diez, Jacinto, Otegi, Rodriguez eta Zabaleta. Hori guztia, gainera, auzipetuek Gorenak berretsitako zigorrak osorik bete ostean.

Eragile guztion artean erantzun bateratua emateko beharra sentitu dugu. Ulergaitza da Gorenaren jarrera: zigorrak ezartzea, berrestea, baliogabetzea eta, orain, epaiketa errepikatzeko eskatzea. Egoera hau, jarrera hau, oinarrizko eskubideen eta demokraziaren aurkako eraso larria da. Espainiako estatuak berriro ere erakutsi du Euskal Herriarentzat ez dagoela demokraziarik. Hain zuzen, gure herrian, bakearen eraikuntzan eginiko bidearen kontrako erabakia da, eta prozesua bertan behera uzteko eskatzen dugu.

Argi ikusten dugu, gainera, kasu hau halako beste hainbaten aurrekaria izan daitekeela. Izan ere, asko dira herri honetan politika edo lan soziala egiteagatik zigortuak izan diren pertsonak. Injustiziaren beste hastapen bat izan daiteke hau.

Bateragune auzia errepikatzearen aurka eta herri bezala gure eskubideen defentsan bilduko gara larunbatean. Era berean, herritarrei elkarretaratzean parte hartzeko dei egin nahi diegu, #BateraAurre egiteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide