Berriro ere Urrezko LEB ligara. Balentria ikaragarria egin du Juaristi ISB taldeak gaur, zapatua, Sant Joan Despiko (Bartzelona) Joan Gamper kirolgunean. Bartzelona B taldea menderatu du Azpeitiko eta Azkoitiko taldeak, 63 eta 66. Partida estua izan da; hainbatetan izan dira markagailuan aurretik bai Bartzelona, bai Juaristi ISB.
Lehen zatia atzetik hasi du Iñaki Jimenezen taldeak, baina laurdena aurretik amaitu du: 10 eta 16. Bigarren zatian, berriz, aurre hartu du Bartzelona Bk; izan ere, markagailua 27 eta 26 zela iritsi da neurketa atsedenaldia. Hirugarren laurdenaren hasieran atzetik izan da Juaristi ISB, eta bide beretik, 57 eta 56 amaitu da laurdena. Dena erabakitzeko zela sartu da partida azken laurdenean; gorabeheratsua izan da markagailuaren dantza, baina azken minutuetan aurrea hartu du Azpeitiko eta Azkoitiko taldeak, eta harentzat izan da 2020-2021 denboraldiko Zilarrezko LEB ligako txapeldun titulua. Partidako ISBko jokalari onenak Beñat Hevia eta Manex Ansorregi izan dira.
Joaneko partidan eskuratutako sei punturen aldearekin –65 eta 59 amaitu zen neurketa– joan dira ISBko mutilak Kataluniara, itzulerako partida jokatzera, eta nagusitasunez lortu du mailaz igotzea, joaneko eta itzulerako partidak, biak irabazita. Partidaren bukaeran gogotik ospatu dute lorpena ISBko jokalariek, talde teknikoak nahiz Bartzelonara joandako klubeko kideek.
Txapeldunaren kopa Ibon Guridi kapitainak eta Beñat Heviak jaso dute, taldekide guztiak atzean zituztela. Horiek Berriro ere urrea gara zioen kamiseta soinean zutela atera dira kantxara. Gainera joan zen urtean hil ziren bi herritar ere izan dituzte gogoan jokalariek: kamisetaren atzealdean Pino zuten idatzita, joan zen ekainean hil zen Juan Jose Arakistain ISBko kidearen oroimenez; gainera, Ierai Aizpitartek moto istripuz hil zen Ugaitz Kerejeta Lagun Onakeko jokalariaren elastikoa jantzi du.
Hona hemen, ISBk kopa jaso duten unearen bideoa:
???? Euskal Kopa 2020
— ESF - FVB (Euskal Saskibaloi - Federación Vasca) (@Basketbasko) April 24, 2021
???? LEB Plata Kopa
???? LEB Plata
Eta igoera!!!
Zorionak @iraurgisb!!!!
Zerutik oso harro begiratzen zaituzte!! pic.twitter.com/KHzucOsLeV
Zorion mezuak
Asko izan dira Juaristi ISBri zorion mezuak idatzi dizkieten norbanakoak, taldeak zein erakundeak. Besteak beste, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Azpeitiko Udalak, Jabier Larrañaga diputatu azpeitiarrak zein Lagun Onak futbol taldeak zorionak eman dizkie Urrezko LEB ligara igo den taldeari Twitterren, baita saskibaloi munduko hainbat lagunek ere.
Zorionak @iraurgisb-ko familia osoari. Guztion ahaleginak eta esfortzuak ematen ditu bere fruituak. Eta bereziki, zorionak harrobian hazitako jokalarioi. Zuek zarete herriko gaur egungo haur askoren ispilu. Zorionak! pic.twitter.com/jj9kQ791ic
— Nagore Alkorta (@alkorta_nagore) April 24, 2021
Zorionak eta eskerrik asko. Eskerrik asko herriko kirolaren alde egunero egunero egiten duzuen lan guztiagatik. Handiak zarete! #Azpeitia #DenonArtean https://t.co/sQMIzI1gBn
— Azpeitiko Udala (@AzpeitikoUdala) April 24, 2021
Kristona, baino kristona in dezuena!! Zorionak @iraurgisb, disfrutau momentuez!! https://t.co/dklKhDIl8N
— Jabier Larrañaga (@jlarrag) April 24, 2021
Zorionak @iraurgi-ri bigarren mailara igotzea lortzeagatik!!!! Bide batez, eskerrak eman Ierai Aizpitarteri Ugaitzi egindako omenaldiagatik! pic.twitter.com/myDFjVEOlc
— Lagun Onak FT (@lagunonak_FT) April 24, 2021
Herriaren arima,
— Aitor Zubizarreta (@ShoooB54) April 24, 2021
Azpeitiko bihotza,
Gipuzkoako harrotasuna.
Atzo, gaur eta beti, Iraurgi !
Zorionak @iraurgisb ! pic.twitter.com/Xc8sgufE6F
Zorionak Iraurgi Juaristi!!!! pic.twitter.com/SbPFZJ5Id9
— Eaj Azpeitia (@AzpeitiaEaj) April 24, 2021
Dena ikusteko
Duela lau urte lortu zuen Iraurgi Saskibaloi Taldeak Urrezko LEB ligara igotzea. 2017-2018 denboraldia maila hartan eginda, orduan Lolo Encinasek gidatzen zuen Sammic ISB taldea berriz jaitsi zen Zilarrezko LEB ligara. Hasterako zekiten denboraldi bakarra egingo zutela urrezko ligan; izan ere, "salbuespentzat" hartu zuten denboraldi hura.
Azpeitiko eta Azkoitiko klubak hori horrela zela zioen hitzarmen bat sinatu zuen Gipuzkoa Basketekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Akordio haren xedea Gipuzkoako saskibaloia "berrantolatzea" zela azaldu zuten sinatzaileek, eta haren arabera, GBC zen lurraldeko talde nagusia. Beraz, ISBko kideek bazekiten denboraldi bat jokatu eta mailari eustea lortuta ere, Zilarrezko LEBera jaitsiko zirela.
Denboraldi hartan ISBk eta GBCk, biek lortu zute mailaz igotzea, baina diru arazoak tarteko, azken unera arte ACB ligan jokatuko zuen zalantzan izan zen Gipuzkoa Basket. Bi taldeak Urrezko LEB Ligan aritzeko aukera baztertuta izan zuten hasieran erakundeek, baina azken unean, hitzarmena sinatuta, ISBk 180.000 euro jaso zituen Aldunditik, eta GBCren erabakiaren zain egon gabe, Urrezko LEB ligan izena eman ahal izan zuen.
Aurten ere antzeko arazoak sor daitezke ISB mailaz igotzen bada eta GBC mailaz jaisten bada; izan ere, Gipuzkoa Basket taldea ACB ligako sailkapeneko azkena da, nahiz eta oraindik sei partida gelditzen zaizkion taldeari denboraldia amaitzeko. Mailaz jaitsiko balitz, GBC Urrezko LEB ligan ariko litzakete 2021-2022 denboraldian; eta Juaristi ISB ere bai, gaur egindako lorpenagatik.