Azpeitiko Udalak harrera egin dio dagoeneko urrezkoa den Juaristi ISBri. Atzo jokatu zuten Juaristi ISBk eta Bartzelona Bk Urrezko LEB ligara igotzeko itzulerako partida, eta Azpeitiko eta Azkoitiko taldeak lortu zuen ligaz igotzeko txartela. Horrenbestez, Urrezko LEB ligan ariko da Juaristi ISB 2020-2021 denboraldian.
Egindako lana txalotzeko eta aitortzeko harrera egin diete gaur eguerdian Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Egoitz Arruti Kirol Batzordeburuak Juaristi ISBko mutilei udaletxean. Azpeitiko eta Azkoitiko jokalariak bertaratu dira gaurko hitzordura, eta Alkortak zein Arrutik zorionak eman dizkiete Juaristi ISBko mutilei atzo lortutako garaipenagatik. Era berean, "egunerokoan herrian egiten duten lan guztiagatik" eskerrak eman dizkiete udal ordezkariek.
Juaristi ISBko jokalariek, beren aldetik, bertso hunkigarri bat abesteko aprobetxatu dute gaurko hitzordua. Urte gogorra izan dela azpimarratuz eta joan direnak –Juan Jose Arakistain Pino eta Ugaitz Kerejeta– gogoan hartuz kantatu dute bertsoa. Hona hemen une hori jasotzen duen bideoa: