Jaurlaritzaren eta Aldundiaren erantzukizunak Azpeitian

Aitziber Sarobe 2021ko mai. 27a, 15:30

Aitziber Sarobek Urola Kostako Hitzaren Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua.

Asteartean, Cristian Lay enpresak Azpeitiko hirigunean dagoen Corrugados Azpeitiko lantegiaren jarduerari berrekiteko asmoaren harira, Arantxa Tapiaren agerraldia entzuteko aukera izan nuen eta argigarria iruditu zitzaidan, benetan,  Azpeitiko Udalak eta Jaurlaritzak aurkeztutako txosten kontrajarrien harira esandako esaldi bat: "Ez dugu esango batak edo besteak arrazoi duen, nahiz eta pentsatzen dugun guk arrazoia dugula". Halakoak sarri gertatzen dira, pentsatzen duguna defendatzeko arrazoiak ez direnean nahikoak, edota pentsatzen duguna ez dela guztiz zuzena dakigunean: hitzek nabarmentzen gaituzte.

Agerraldi horretan esandakoa da Jaurlaritzak Azpeitiko Udalarekin elkarlanean aritzeko borondatea erakutsi duela, baina udalaren ezezkoa aldez aurretik hartutako erabakia dela. Zuzen dio, baimen hori udalaren eskumena baita, eta beraz, baita hartutako erabakiaren erantzukizuna ere. Baina, udalaren erantzukizunak, Aldundiarenak eta Jaurlaritzarenak bezala, ez dira herritarrenganakoak bakarrik, gainerako administrazioenganakoak ere badira, eta horregatik eskatu behar zaie administrazioei, elkarrenganako errespetua eta elkartasuna. 

Auzi honetan, hori esatea, egitea baino errazagoa dela dirudi. Azpeitiko Udalak, bere araudiari eta Lurralde Antolaketako Plangintzari lotutako bestelakoei erantzunez, enpresa hori herritik kanpora, propio egokitutako eremu batean, irekitzeko aukera mahai gainean jarri ondoren, ez da ondo ulertzen Aldundiaren eta Jaurlaritzaren jazarpena bide hori urratzearen kontra. Enpresak bere interesak eta borondatea argi erakutsi ditu labeak herrigunean irekitzea eskatu duenean. Baina, emandako arrazoiak ulergarriak izanagatik, administrazioari interes horiek herritarren mesedetan kudeatzea dagokio eta horretarako egiten dira legeak eta araudiak. Lege eta araudi horiek betetzea ere bada udalaren erantzukizuna. 

Tapia andrearen agerraldi horretan arreta berezia merezi duen beste esaldi bat ere azpimarratu nahiko nuke: "[Udalak] egi guztia konta dezala gipuzkoarren eta herritarren aurrean". Jaurlaritzaren ordezkariak zergatik interpelatzen ditu Gipuzkoako herritarrak eta ez EAEkoak? Bistakoa denez, Jaurlaritza eta Aldundia aho batez aritu direlako kontu honetan estrategia politiko bati erantzunez. Hain zuzen, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak esana zuen, hamabost bat egun lehenago, enpresa hori martxan jartzea "borondate politikoari" dagokiola. 

Zuzenbide estatuan borondate politikoarekin aldatzen dira lege eta arau guztiak. Kontua da, ordea, legedia herritarren borondatearen kontra aldatzen denean, zilegitasuna auzitan jartzea dagokiola demokrazian sinesten duen orori, eta horretara dator artikulu hau. 

Azpeitiko Udalak bertako herritarren hirigintza-ikuspegia Hirigintza Plan Orokorrean jasota dauka. Ikuspegi hori, gainera, ezinbestez egokitu behar da EAEko lurralde plangintzaren lege amaraunarena, eta, besteak beste, horren ondorioa da urtarrilaren 27ko 14/2009 Dekretua (Trukutxo eta Amue eremuei dagokien Zarautz-Azpeitia –Urola Kosta– Eremu Funtzionalaren Lurraldearen Zatiko Planaren 1. Aldaketa jasotzen duena). Dekretu horretan azaltzen da, Azpeitiko alkateak behin eta berriz errepikatu duen bezala, Corrugados Azpeitia enpresaren labeak hirigunetik atera eta Lasaon kokatzeko aurreikuspena. 

Dekretu horren garapenean aipatzen da: "Aldaketaren oinarria lurralde-antolamenduan, garapen iraunkorraren printzipioa sartzea da; lurraldeak duen harrera-gaitasuna, behar sozio-ekonomikoak eta ingurumenaren eta hirigintzaren ikuspegia" kontuan hartuz. Azpeitiko herriari galdetu al zaio garapen iraunkorrari uko egin nahi dion? Ez, eta herriak ez diola uko egin nahi pentsatu nahi dut. Gure gizarteak garapen sozio-ekonomikoa eta ingurumenaren osasuna bateragarri egiteko ezagutza eta gaitasuna dituela sinesten dut, hori baita gaur eguneko gizarte moderno eta teknologian aurreratuek eskatzen dutena. 

Ez dakidana da apustu edota ikuspegi hau Jaurlaritzan eta Aldundian dauzkagun ordezkari politikoek partekatzen duten. Izan ere, susmagarria da jarduera ekonomikoa planifikatzeko eskumena duen sail berak, jarduera horien ingurumen kalteak arautzeko eskumena izatea. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu bihurtu denetik, hogeita hamaika eskutik ditu Arantxa Tapiak ingurumen gaietan. Horrela uler daiteke udalari egin dion eskaintza, legedian beharrezkoak diren aldaketa guztiak egiten laguntzeko. 
Ataka zailen jarri dute Azpeitiko Udala kontu honetan, lanpostuak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Horregatik, mingarria da, benetan, EAJ alderdi politikoaren administrazioetako kargu gorenak, ingurumen eraginengatik baldintzatutako auzietan erantzukizun politikoak eskatzen ikustea. Zaldibarren ikusi duguna eta gero, nori eskatu behar dizkio EAJk erantzukizun politikoak?  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide