Azpeitiarren doinuak

Deñe Garcia-Bravoren euskal kanta gogokoenak

Uztarria.eus 2021ko ira. 1a, 09:00

Deñe Garcia-Bravo.

Deñe Garcia-Bravo abeslaria da Uztarria.eus-ek udan martxan jarri duen Azpeitiarren doinuak serieko laugarren protagonista. Bost euskal abesti aukeratu ditu urrestildarrak, eta horiek aukeratzean arrazoiak ere eman ditu. Tartean, berak konposatutako Azken Agurra abestia sartu du.

  • Maravillas (Berri Txarrak): "1936an, Gerra Zibilaren hasieran Maravillas Lamberto, 14 urteko neska gaztea behin baino gehiagotan bortxatu zuten, eta, ondoren, bere aita (UGT-ko partaide zena) eta bera eraildu zituzten. Oso berezia da abesti hau, kantu honen bidez ezagutu bainuen Maravillasen istoria, eta zoritxarrez oraindik ere gaurkotasuna duen gertaera horrek islatzen baitu errealitate gordina".

  • Ezbeharra (Eñaut Elorrieta): "Betidanik gustatu izan zait Eñaut Elorrietaren musika, bai Ken Zazpi taldearekin aritzen zenean, baita orain ere. Eñaut Elorrietaren abestien letrek beti dute esanahi sakon eta garrantzitsu bat, eta horregatik da berezia abesti hau. Zer da abesti bat ez badago mezurik abestiaren hitzetan?".

  • Azken Agurra (Deñe): "14 urterekin konposatu nuen nire lehen abestia da Azken Agurra. Ahaztezinak diren oroitzapenak ditut abesti honekin, lehen aldiz familiartekoei, nire lagun minei abestu nien momentua, lehen aldiz oholtza gainean ahotsa dardarka nuela abestu nuen momentua…".

  • Izarren hautsa (Mikel Laboa): "Gure sustraiak non dauden eta nondik gatozen gogorarazten digu abesti honek, hori dela eta abesti honek haurtzarora eramaten nau, familiartekoak bildu eta mahai inguruan abesten genituen abestiak betirako gogoan izanik eta bizitzarako hain garrantzitsua den lezioa bihotzean eramaten ikasiz".

  • Betazalak erauztean (Katamalo): "Ezberdin izateari eta hain barneratuta ditugun estereotipoetatik at dagoen norbait izateari diogun beldurrak dekadentziara eramaten gaituela oroitarazten digu abesti honek. Hori dela eta, abesti honek nire buruak dituen gauza on eta gabezia guztiak maitatzera eta onartzera bultzatzen nau".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide