Azken txanpan dira Urola Bizirik taldeak antolatutako II. Natur Jardunaldiak. Askotariko ekintzak egin zituzte azken egunetan Azkoitian, eta gaur Azpeitian izango da azken hitzordua. Hain zuzen, Lurgaia fundazioa eta Baso Biziak plataforma aurkeztuko dituzte Azoka Plazaren gaineko aretoan, 19:00etan hasita.
Lurgaia fundazioa irabazi asmorik gabeko entitate pribatua da, eta bioaniztasunaren zaintzaren eta ondare naturalaren kudeaketaren alde egiten du lan, hala nola espezieen, bizilekuen, prozesu ekologikoen nahiz paisaien inguruan. Baso Bizia plataforma, berriz, hainbat talde ekologistak eta bioaniztasunaren aldeko beste hainbatek sortu zuten joan zen ekainean, euskal erakundeen baso politiketan aldaketak sustatzeko eta eredu jasangarri bat bultzatzeko.