Askotariko mozorroak eta festa giroa izan dira protagonista aurtengo Astelehen Karnabalean ere. Jendetza atera zen kalera arratsaldetik, eta festak ez zuen etenik izan. Sokamuturraren bueltan elkartu ziren herritar ugari, eta haurrek zirku ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten. Dena den, mozorroak zein musika izan ziren protagonista. Herritarrek ohiko mozorroak nahiz beste hainbat original atera zituzten kalera, taldean nahiz banaka. Gauerdian egin zuten mozorro lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, plaza jendez lepo zegoela.
Banakako lehen saria arrain saltzailearentzat izan zen; bigarrena iltze jokoarekin kalera atera zen herritarrarentzat; eta hirugarren saria bobsleigh kirolarentzat. Taldekako bost sari banatu zituen epaimahaiak. Laugarren saria bi taldek eskuratu zuten, ijito bodak eta ijitoen parrilladak. Lehen saria Velazquez eta haren Meninak obra irudikatu zuen taldeak jaso zuen; bigarrena, Manasluko espedizioak eta hirugarrena San Inaziok; Tabernetako karnabal giroari dagokion saria, berriz, Haginpe tabernak jaso zuen.