Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak eragina izango du trafikoan

Ihintza Elustondo 2022ko mar. 24a, 08:30

2019ko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren une bat. (Ihintza Elustondo)

Larunbatean jokatuko dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, eta lasterketak eragina izango du herriko trafikoan. 15:00retan itxiko dute Loiolako Inazio hiribidea, eta 16:00retatik aurrera, itxita egongo dira herriguneko errepide gehienak.

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia jokatuko da larunbatean, eta lasterketak eragina izango du Azkoitiko eta Azpeitiko errepideetan. Antolatzaileek azaldu dutenez, 15:00retan itxiko dute Loiolako Inazio hiribidea, eta ordu horretan bertan hasiko dira udaltzainak Loiola aldean trafikoa bideratzen. Hain zuzen ere, Muebles Irureta zenaren pareko semaforotik Uranga jatetxe aldera bideratuko dituzte autoak, eta saihesbidetik, Garmendi gainera. 16:00 aldean, Jose Artetxeko biribilgunea ere itxi egingo dute, zortzi kilometroko lasterketa igaroko delako. Hartzubirako bidea, berriz, 16:20an itxiko dute, eta ordutik aurrera, ibilgailuak ezingo dira Zelai Luzen goraka joan, ezta Jose Artetxetik beheraka eta Landetatik herrigunera ere. Horrenbestez, 16:20an hasita, Okerkora bideratuko dute trafikoa.

Bitartean, Azkoitira joateko bidea beti irekita egongo da: "Batzuk bide zaharretik joaten dira, beste batzuk atzeko bidetik... Ahal den bezala", adierazi dute antolatzaileek. Baina herri barruan, 16:00rak ezkero, itxita egongo dira errepideak proba igaroko den lekuetan. Damaso aldea egongo da libre, baina gainontzeko gune guztiak itxiko dituzte. Bestalde, Aranetik irten nahi duenak hilerritik Etxe Zuri aldera joan beharko du, eta han, lasterkaririk ez datorrenean, irteten utziko diote.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide