Azpeitiarren doinuak

Iñaki Elorza 'Txapas'-en euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2022ko api. 20a, 09:25

Iñaki Elorza 'Txapas'.

Azpeitiarren doinuak seriearen barruan, Aste Santuko oporraldiaren bueltan, asteazkenero, hainbat herritarrek aukeratutako bosna euskal kanta jasotzen ari da Uztarria. Hau da Iñaki Elorza Txapas irrati esatari ohiak osatu duen zerrenda.

  • Agur Euskalerria (Carlos Mungia)

"Haurtzarako etxeko giroko kanta. Etxean, aita, ama eta arrebarekin sarritan entzun eta ikasi genituen Iparragirreren kantak, gehienetan Carlos Mungia tenoreak abestuta. Oraindik ere entzuten ditudanean, beti jartzen naiz kantari eta erraz egiten dut atzera, umetan bizitako garaietara. Azken 48 urteetan Giller (Carlos Mungiaren semea) oso laguna dut".

  • Gazte sentimental (Benito Lertxundi)

Badok.eus-en entzun daiteke abestia.

"Azpeitian jarraitzen dut. Xabier Leteren hitzak ditu abesti honek, Benito Lertxundik musikatuak. Azpeitiko Errebaleko lagunekin kantatzen genuen. Gu ere orduan 15-16-17 urtetan genbiltzan, eta LETEk guretzat espreski idatzitakoa zela iruditzen zitzaigun. Zeinek esan behar zidan handik 12 urtera irrati-telebistako eskolan irakasle izango nuela!".

  • Oroitzen zaitudanean ama (Mikel Laboa)

"Sakelako telefonoko doinua dut. Gure ama zenak askotan aipatzen zigun erromeria giroan Urrestillako Auntxaren pieza honekin dantzatzen zutela. Mikel Laboak kaleratu zuenean sekulako zirrara eragin zidan. Laboarekin ere harreman handia izan nuen, eta beti aipatzen nion nola erromeria batean behin eta berriro pieza hori jotzen zuten".

  • Lau teilatu (Itoiz)

"Azpeitiko garaiekin ez du zerikusirik, baina entzun nuen lehen egunetik nirekin daramat abestia. Euskal Herriko txoko eta festa guztietan ezaguna izan da, eta behin baino gehiagotan begiak itxi eta imajinazioari aukera emanez… beti dago ilargia (eguzkia bezala) erdian".

  • La pilindros (La Pamplonesa)

"27 urtez jarraian sanferminetako kontaketa egin dut irratian. Azpeitiar askok eskertu didate goizeko dianetan La Pamplonesa entzuteko aukera eman izana. Sanferminek dianetako lau pieza dituzte, hau ez da horietakoa, baina goizeko ibilaldiari 07:30 aldera Pilindrosekin ematen zaio amaiera. La Pamplonesako lagunak ere gustura etorri izan dira Azpeitira saninazioetara".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide