San Fermin bezpera da gaur, uztailak 6, eta Iruñean ez ezik Azpeitian ere jaien hasieraz gozatzeko aukera izan dute udaleku irekietako dozenaka haur eta gaztetxok. Asmoa Alde Zaharrean barrena entzierro txikia egitea zen, baina eguraldi makurrak udalekuetako kideen asmoak zapuztu ditu, eta Izarraitz pilotalekuan egin behar izan dute jaia. Hala eta guztiz, erruz gozatu dute herritarrek San Fermin Txiki egunaz. Hasteko, pregoia irakurri dute udalekuetako lau kidek, eta horren ostean, entzierroa izan da pilotalekuan barrena. Jaia borobiltzeko, berriz, bizpahiru koreografia egin dituzte haur eta gaztetxo denek batera.