Kirolaz eta festaz gozatuz ospatu dute Izarraitz skate parkearen inaugurazioa

Maialen Etxaniz 2022ko uzt. 10a, 19:07

Atzo ospatu zuten skate parke berriari ongi etorria emateko festa, eta giro paregabea izan zen goizetik gauera bitartean. Adin guztietako herritarrak bertaratu ziren Izarraizko Atea parkeko gune berrira. Egon zen zer egin eta zertaz gozatu. Besteak beste, ikastaroak, graffitiak, kirol erakustaldiak eta zuzeneko musika izan ziren eguneko protagonistetako batzuk. Eguna bukatzean, antolatzaileak "oso gustura" agertu ziren jaiak izandako harrerarekin. Honako hau egunaren laburpen bideoa da. 

Ongietorri borobila eman diote Azpeitiko skate parke berriari. Zaleek eta Azpeitiko Udalak antolatuta, egun osoko festa ospatu zuten atzo, gune berria inauguratu eta behar bezalako harrera egiteko.

Goizean, haurrentzako tailerrak eskaini zituzten. Hain zuzen, BMX, skate, scooter eta roller ikastaroak eskaini zituzten, eta asko izan ziren horiek probatzera animatu ziren gaztetxoak. Gainera, graffiti ikastaroa ere eskaini zuten, eta parkearen inguruan jarritako panelak koloreztatzen gozatu zuten askok eta askok.

Bazkalostean iritsi zen hitzordu garrantzitsuena; izan ere, maila handiko kirolariek erakustaldia eskaini zuten skate parke berrian. Besteak beste, Sergio Layos, Ian Ponciano, Larrun Berrenetxea, Naia Laso, Mikel Mugerza eta Javitxu de la Torre aritu ziren beren abileziak erakusten eta bertaratutakoak aho zabalik uzten.

Erakustaldia amaituta, zozketak egin zituzten YK Riderseko kideek, eta egun osoan zehar saldutako boletoekin zozkatutako BMX bizikleta ere banatu zuten. Nerea Orbegozok eraman zuen saria. Musikarekin eta parrilladarekin boorbildu zuten eguna, eta antolatzaileek balorazio positiboa egin zuten.

Inaugurazio eguneko goizeko argazki bilduma, hemen

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide