'Doinu berrien plaza'

Igandean estreinatuko da 'Doinu berrien plaza', UKTren saio berria

Erredakzioa 2022ko uzt. 14a, 16:30

Estreinatzear da Doinu berrien plaza, eskualdeko musikari gazteei eta bidea egiteko duten proiektuei ahotsa emateko saioa. Lehen denboraldian, sei taldek egin dute bisita plaza berrira, eta lehen gonbidatua Iratz Urkizu abeslari oriotarra izan da. Aurreneko atala igandean izango da ikusgai, 21:30ean hasita, UKTren tokiko webguneetan eta Erlo Telebistan.

Doinu berrien plaza Urolako Komunikazio Taldearen (UKT) saio berri bat da. Saioaren helburua da eskualdeko musikari gazte edo berriei ahotsa ematea. Finean, xedea da oraindik ezagunak ez direnak ezagutaraztea eta ezagun direnak sakonago ezagutzea.

Maialen Etxaniz kazetariak gidatuko du saioa, eta atal bakoitzean bakarlari edo talde berri bat elkarrizketatuko du. Musika ardatz duen saio berria Zumaian grabatu du UKTk, hain zuzen, Valentin Manterola artistaren estudioan. Espazio horrek bete du platoaren funtzioa Doinu berrien plaza saioko lehen denboraldian.

Igandean, uztailaren 17an, izango da ikusgai saio berriaren lehen atala, 21:30ean hasita, UKTren tokiko hedabideetan eta Erlo Telebistan. Lehen saioko protagonista Iratz Urkizu abestari oriotarra izango da.

Saioaren nondik norakoak

Orduerdi inguruko saioa izango da Doinu berrien plaza, eta bi zati izango ditu atal bakoitzak: elkarrizketa eta zuzeneko musika.

Elkarrizketaren atalean, gonbidatuak solasean arituko dira aurkezlearekin. Etxanizek sarrera bat egingo dio gonbidatutako musikariari edo taldeari, eta haren/haien ibilbidearen zenbait zertzelada emango ditu; gehiegi sakondu gabe.  Elkarrizketa formala izango da, baina freskotasuna eta gertutasuna bilatzea da asmoa, bestelako elkarrizketetatik pixka bat bereizteko asmoz. Ohiko galderez harago, gertuko erreferentziez, eskualdeko gainerako taldeez, euskal eszenaz eta musikaren industriaz galdetzea ere bada asmoa. Elkarrizketa amaitzean, gonbidatuek, beraien abesti pare bat eskainiko dituzte zuzenean. 

Sei saio, udan zehar

Lehen denboraldian, sei musika talde edo abeslarik bisitatu dute Doinu berrien plaza: Iratz Urkizu, Mairu, Deñe, Marlik, Keia eta Itoizank. Horrenbestez, uztailaren 17an hasita, sei astez izango da ikusgai eskualdeko musikariei plaza eskaintzeko saioa. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide