Santio egunarekin batera, bueltan da urtero egun horretan egin ohi den Sagardo Txapelketa ere, eta aurtengoa XLII. edizioa izango da. Urteak daramatza Sagardoaren Lagunak elkarteak emakumeak sagardoaren mundura erakartzeko lanetan, eta aurten deialdi berezia egin du elkarteak Emakumeen Txokoarekin elkarlanean; izan ere, bereziki emakumeei zuzenduriko sagardo dastaketa gidatua egin zuten joan zen uztailaren 13an Añota sagardotegian.
Egitasmo horren helburuetako bat emakumeak Sagardo Txapelketako epaimahaikide izatera animatzea zen, eta hiru emakume izan ziren Añotan. Edurne Saenz de Samaniego (Samaniego, Araba, 1977) da horietako bat. Hainbat urte daramatza hark Sagardo Txapelketan epaile lanetan, eta zeregin hori gauzatzen duen emakume bakarrenetarikoa da. Aurten ere mahaian izango da txapelketara aurkeztu diren sagardoak dastatzen eta horiek epaitzen.
XLII. Sagardo Txapelketa egingo da aurten Azpeitian, eta epaimahaian egongo zara berriro ere. Zenbat denbora daramazu zeregin horretan?
Azken bi urteak kenduta, beste bitan aritu naiz epaile lanetan. Sagardoaren Lagunak elkarteak adierazi zuen emakumeak nahi zituztela epaimahaian, eta animatu egin nintzen. Ardoaren mundutik nator ni, eta apur bat desberdina den arren, ikusi egin nahi nuen sagardoaren mundua nolakoa zen. Horrela hasi nintzen.
Ardoaren mundutik zatozela esan duzu.
Bai. Samaniegon jaio nintzen, eta nire familiak Ostatu upategia du. Ezkondu nintzenean etorri nintzen Azpeitira bizitzera, duela hemezortzi urte inguru, gutxi gorabehera.
Desberdintasun handia igarri al duzu ardo dastaketatik sagardo dastaketara?
Azpeitiko plazan egiten den sagardo dastaketa zeharo desberdina da, ez da egin ditudan ardo dastaketen modukoa; santioetako Sagardo Txapelketan puntuazioa zure gustuen araberakoa da, eta ez dago irizpide zientifikorik izan beharrik. Epaile izateko nahikoa da sagardoa gustatzea.
Zer sentipen izan zenuen epaimahaian lehen aldiz parte hartu zenuenean?
Giro ederra zegoen, eta oso ondo pasatu nuen. Azpeitira bizitzera etorri nintzenetik ikaragarri gustatzen zait Santio eguna. Jaietan parte hartzeko beste modu bat da Sagardo Txapelketako epaile izatea. Onartu beharra daukat hasieran gogorra egin zitzaidala 23 sagardo probatzea; gero, ordea, tamaina hartzen joan nintzen.
Epaimahaian parte hartzen duen emakume bakarrenetarikoa zara. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?
Ez dakit zein den arrazoia. Beharbada, jendeak duen sentipena da ez dakiela sagardoaz epaimahaian egoteko adina, baina nire ustez, ez da hain garrantzitsua jakitea ala ez jakitea; hau da, nik uste dut gustu kontua dela. Sagardoa edatea gustatzen baldin bazaizu, gai zara esateko sagardo horietatik zein gustatzen zaizun gehiago edo gutxiago. Alde horretatik, herrikoia da Azpeitiko Sagardo Txapelketa. Ardoarekin ere gauza bera gertatzen dela esango nuke.
Sagardoaren Lagunak elkarteak epaimahaikide izateko gonbita luzatu die aurten emakumeei, eta horretarako dastaketa egin zuen duela aste batzuk. Bertan egon zinen zeu ere. Garrantzitsua iruditzen al zaizu halako ekintzak egitea?
Bai, emakumeak sagardoaren mundura erakartzeko egiten den guztia ondo dagoela iruditzen zait. Sagardoaren Lagunak elkartekoak urtero-urtero ibili dira hori eskatzen. Añota sagardotegian egin genuen dastaketara bi emakume joan ziren, eta biak sentipen oso positiboarekin gelditu ziren. Ez zuten uste dastaketa halakoa izango zenik, eta aurten epaile izatera animatu ez badira ere, esan zuten datorren urtean agian parte hartuko zutela. Hori jakitea seinale ona da. Dastaketa hori garrantzitsua izan zen jendeak sagardoaren inguruan gehiago jakiteko, eta niri oso ondo etorri zitzaidan konturatzeko sagardoa kopan ere edan daitekeela; ohartu naiz sagardoa kopan eta eskantziatu gabe edan nahi dudala.
Hain zuzen ere, aurten sagardoa kopan dastatzeko aukera izango da Santio eguneko txapelketan, bai epaimahaian eta bai plazan. Zer iruditu zaizu aldaketa hori?
Oso ondo. Gauzak usaintzea asko gustatzen zait, eta ardoaren kasuan, adibidez, edan baino gehiago usaintzen dut. Ardoa usaintzeko edo dastatzeko aukera ematen badidazu, nahiago dut usaintzea. Sagardoarekin ere gauza bera gertatzen zait; asko gustatzen zait sagardoa usaintzea, baita dituen aromak, freskura eta abar igartzea ere. Beraz, horretarako egokia iruditzen zait kopa.
Ba al dago sagardo zaletasunik Azpeitian?
Sagardo Txapelketaren epaimahaian jende bera egoten gara normalean, eta nik uste dut belaunaldi aldaketak egon behar duela; hori lortzeko dastaketak egin behar dira. Orain Euskal Sagardoa elkarteak kopan dastatzeko egin duen proposamena oso egokia iruditzen zait, bertako eta kalitatezko sagardoa kopan, eskantziatu gabe, lasai hartzeko aukera egon dadin. Niretzat sagardoa kopan edateak badu etorkizuna, eta kalitatearen bila joan behar dugu.
Bi urteko etena izan du santioetako Sagardo Txapelketak izurria dela eta. Gogoz itzuliko al zara epaimahaira?
Bai. Nik uste dut, Sagardo Txapelketako epaileok ez ezik, baserritarrek ere gogoa dutela kalera ateratzeko eta herriko plaza beteta ikusteko, eta noski, baita herritarrek ere.