- Hor nonbait (Dut)
"Nerabezaroko barne borroken kontraesanetan bidelagun izan nuen Hondarribiko taldea da Dut, eta horregatik da nire kuttunetakoa. Euskal musikaren eszena undergroundean zaratatsu agertu ziren, eta urrezko hiru disko utzi zituzten ondare moduan. Abesti hau azken diskoko harribitxi bat da, edozerk izan dezakeen aurkiaz eta ifrentzuaz ari den egia musikatu bat".
- Orduan (Mikel Laboa eta Lisabö)
"Abesti honek begiko ditudan bi ahots biltzen ditu, hamarkada desberdinetako abangoardiak doinu berean. Batetik, Mikel Laboaren kantugintza ederra bezain sotila, eta bestetik, Lisabö taldearen post-hardcore indartsua. Erauntsi emozionala bihurtzen den abesti luze hau Atxagaren maitasun letra batek haritzen du. Sarri oso neurea sentitu izan dut maitale traketsaren ereserki hau".
- Hiltzen garenoi (Akauzazte)
"Kakanarru bat nintzela Azpeitiko plazan jotzen ikusi nituenetik jakin-mina sortu zuten nigan, eta ziur nago orduan musika ulertzeko nuen moduan eragina izan zutela. Beraien disko bakoitza da berezia, baina disko hau euskal musikaren merkatuan rara avis bat izan zen, Esan Ozenki bezalako zigilu ezagun batekin argitaratu baitzuten ezohiko kartoizko kaxa batean. Gogoan dut autobusa hartu eta Donostiara nola joan nintzen disko hau eskuratzera. Etxera iritsi, CDa irakurgailuan sartu eta asteetan zehar behin eta berriro entzun nuen diskoa hasieratik bukaeraraino, baina batik bat abesti honek sortarazten zidan zirrara".
- Basozain (Ibil Bedi)
"Autoan goazenean etxekook gustura entzuten dugun diskoko nire abestirik gogokoena da. Egungo musika panoraman dagoen proposamen interesgarrietako bat da, ez berritzailea formetan, baina bai zintzoa eta benetakoa bere horretan. Basoa naiz, basoa nauzu!".
- Gandutu da (IbonRG)
"Aro digitaleko homogeneizazioaren, sintetizagailuen, autotune-aren eta bestelako gehiegikerien kontra egindako ariketa ederra iruditzen zait lan hau. Zaplasteko eder batez dena biluztea eta ahots hutsez gauza txiki eder bat egitea. Soiltasun horrek liluratzen nau".