- Ausardiarik ez (Mice)
"Azkenaldian lanean nagoela asko entzuten dut Mice, eta kanta hau nire gustukoenetako bat da. Bere ahotsak, abesteko moduak eta musikak berak halako giro atsegin batean sartzen naute, baretuko banindute moduan. Miren Narbaizaren aurreko taldea izan zena ere gustuko nuen, Napoka Iria, eta honek ere erabat harrapatu nau".
- Orain bat gara (Ibil Bedi eta Broken Brothers Brass Band)
"Bizipoza da niretzat kanta hau. Interesa sortzen didan taldea da Ibil Bedi, eta Orain bat gara, Broken Brothers Brass Band taldearekin batera, ederra iruditzen zait! Bi talde hain ezberdin nahastuta lortu dutena mundiala da!".
- Oihu (Zea Mays)
"Zea Mays zalea izan naiz beti. Abestiek beraiek eta Aioraren ahotsak batera duten indarrak kateatzen nautela esango nuke. Horrela abestuko banu, ez nintzateke ixilduko! Kantu bat baino gehiago ditut gustuko, baina hau bereziki bada berezia, garai konkretu batekin lotzen dudalako".
- Epilogoa (Anari)
"Duela zazpi urte edo, bakarka ikusi nuen kontzertu batean zaletu nintzen. Jendeak bere abestiak ze gogorekin kantatzen zituen ikusteak kuriositatea sortu zidan, eta bere letrak momentu lasaiagoetan entzuten hasi nintzen. Ordutik, Anari zalea naiz. Ez naiz gai niretzat bere abestirik onena zein den esateko. Anariren zazpi bat abesti baditut gustukoenen artean. Hau da horietako bat".
- Zulo bat gehiago (Liher)
"Beste emakume ahots indartsu bat. Taldea ezagutzearekin batera asko gustatu zitzaidan, eta sarri entzun izan dut. Bereziki kanta hau itzela iruditzen zait, potentea da. Eta abeslariak zuzenekoetan kanta hau kantatzean eszenatokia jaten du, oilo ipurdia jartzeko moduan. Gainera, Lide Hernando abeslariari kontzertuetarako jantzi bat egiteko aukera izan nuen".