Azpeitiarren doinuak

Xanti Rodriguezen euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2022ko abe. 20a, 09:41

Xanti Rodriguez argazkilari eta zinemagilea.

Azpeitiarren doinuak seriearen barruan, Gabonetako oporraldiaren bueltan, herritarrek aukeratutako bosna euskal kanta jasotzen ari da Uztarria. Honako hau da Xanti Rodriguez argazkilari, zinemagile eta musikariak osatu duen zerrenda.

  • Marinelaren bakardadea (Mikel Markez)

"Rocka eta metala dira gehien gustatzen zaizkidan generoak, baina kuttunenetan daukat kanta hau. Izan ere, Bartzelonan ikasten egon nintzenean –1994an eta 1995ean–, Euskal Etxera joaten nintzen sarri, eta han egoten zen Patxi Iturain argazkilari azpeitiarrak –hil zen– abesti hori askotan jartzen zuen. Zerbait berezia da, beraz, kanta niretzat".

  • Furra furra (Oskorri)

"Aitak txikitan asko jartzen zuen kanta hau. Autoz bidaiatzen ari ginela Oskorriren diskoa askotan entzuten genuen, aitari asko gustatzen zitzaiolako. Horregatik, Furra furra abestiak haurtzaroa gogorarazten dit, eta maitasunez entzuten dut. Abesti bikaina da".

  • Mezua hil aurretik (Latzen)

"90eko hamarkadaren bukaeran eta 2000. urtearen bueltan oihartzun handia izan zuen taldeak. Lehen diskoko kanta da Mezua hil aurretik, eta asko gustatzen zait basatia eta azkarra delako. Legen Beltzan egiten genuen soinuarekin antzekotasunik badu, gainera. Kantaren hitzek duten gordintasuna ere aipatuko nuke, eta hori ere bada zerrenda honetan sartzearen arrazoia".

  • One way system (Estigia)

"Ingelesez abesten du abesti hau Zarauzko taldeak. 1995ean kaleratu zuen Trip To Nowhere maketa taldeak, eta maketa hura Mogambo aretoan erosi nuen gaztetan. Inpaktu handia eragin zuen nigan taldeak, teknikagatik eta zuen alde basatiagatik. Thrash metal musikan aitzindari izan zen taldea".

  • Rotaflexa garraxika (Su ta gar)

"Nire kanta faboritoa da, dudarik gabe. Euskal taldeetan handiena Su ta gar da niretzat, duda izpirik gabe. Kantarik onena iruditzen zait, alde handiarekin. Kanta oso zuzena da, bortitza. Singlea atera zutenean, lagun batzuekin entzun nuen autoan, eta erabat harrituta gelditu nintzen, kantaren azkartasunarekin. Hitzak ere sakonak dira. Xarma handia du kantak, eta zuzenekoetan asko gozatzeko modukoa ere bai"

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide