2022ko Kirol Sariek utzitako irudiak eta adierazpenak, bideoan jasota

Maialen Etxaniz 2022ko abe. 17a, 16:06

Gaur eguerdian egin dute 2022ko Kirol Sarien banaketa ekitaldia Sanagustin kulturgunean. Emakumezkoetan, Mirari Uria futbolariak jaso du 2022ko Kirolari Onenaren saria, 19 urtez azpiko munduko txapelketa irabazi baitu. "Oso eskertuta" agertu da Uria. Gizonezkoetan Gorka Karapeto eskalatzaileak jaso du saria. Boluntario onenaren aitortza, berriz, Jose Mari Perezek jaso du, azken hamalau urteetan Lagun Onak futbol taldean egindako lanarengatik. "Pozik" agertu da Perez. 

Banatu dituzte 2022ko Azpeitiko Kirol Sariak. Gaur eguerdian egin dute sari banaketa ekitaldia Sanagustin kulturgunean, eta jende ugarik parte hartu du hitzorduan. Azpeitiko Udaleko zinegotziek banatu dituzte sariak, eta Koldo Aldalur kazetariak gidatu du ekitaldia. Emakumezkoetan, Mirari Uria futbolariak jaso du 2022ko Kirolari Onenaren saria, eta ez da gutxiagorako; izan ere, Uriak 19 urtez azpikoen munduko txapelketa irabazi zuen Espainiako Selekzioarekin. Eskertuta eta oso pozik agertu da Uria.

Gizonezkoetan, Gorka Karapeto eskalatzailea izan da Kirolari onenaren aitortza jaso duena. Karapeto beti izan da ezagun eskaladan egindako lanarengatik, baina aurten, 41 urterekin, inoiz egin duen biderik zailena egitea lortu du. Azken lorpena azaroan lortu zuen, La Lezen (Ilarduia, Araba) Zepelutza bidea lotzea erdietsita; hori izan da bere lehen 9a+ mailako bidea. Gutxi batzuren esku dagoen maila lortzeagatik, Urteko Kirolaria saria ematea erabaki dute Karapetori. Uneotan, Katalunia inguruetan dabil azpeitiarra, eta bere ordez, haren amak jaso du saria.

Boluntarioen artetik, Urteko Kirolaria saria Jose Mari Perezek jaso du, azken hamalau urteetan Lagun Onak futbol taldean egindako lanarengatik. Hura eskertuta agertu da, baina adierazi du berak baino gehiago merezi duenik ere badagoela klubean.

Aitortza eta eskertzea, beste askorentzat

Guztira, 27 kirolari eta kirol elkarteetako boluntario izan dira Urteko Kirolaria sarietarako hautagaiak. Emakumezkoetan, judon, saskibaloian, igerian, automobilismoan, euskal pilotan, triatloian eta futbolean aritutako kirolariei egin diete aitortza. Hain zuzen, Asley Mallo, Ainara Iturralde, Uxue Etxeberria, Maier Lizarburu, Anne Sagarmendi, Mirari Goenaga, Arantzazu Araneta, Nagore Aramendi, Maialen Azpiazu eta Mirari Uria izan dira aitortza jasotakoak.

Gizonezkoetan, hainbat arlotan banatu dituzte sariak. Besteak beste, judoan pilotan, saskibaloian, atletismoan, txirrindularitzan, mendiko bizikleta jaitsieretan, karatean, futbolean, xakean, pala erremintan eta eskaladan aritzen direnak saritu dituzte. Hain zuzen, Gabriel Carmona, Iker Egiguren, Oier Alkorta, Josu Zelaia, Aitor Zubizarreta Iker Zabaleta, Lagun Onakeko Ohorezko erregionalen mutilen taldea, Aitor Priya, Unai Alonso, Asier Leon eta Gorka Karapeto izan dira aitortza jaso dutenak.

Urteko Kirolari boluntarioak ere ugari izan dira. Kodaore judo elkarteko Aner Arregi, Ikasberri Kirol Elkarteko Unai Alkorta, Urraki eskuderiako Arkaitz Blanco, Karate elkarteko Jon Larrañaga, Domusa teknik antolatzen aritu ziren Lagun Onak Mbko eta bestelako herritarrak, Iraurgi saskibaloi taldeko Mikel Labiano, Izarraiz igeri elkarteko Mailu Segurola, Xapurratak taldeko Migel Angel Gomez, Lagun Onak futbol taldeko Jose Maria Perez, eta Ilunpeko kideak.  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide