Bi urteko etenaren ostean, jai giroa ekarriko du Santo Tomas egunak herrira

Julene Frantzesena 2022ko abe. 20a, 18:12

Neska kuadrilla bat 2019ko Santo Tomas egunean.

Askotariko ekitaldiak izango dira egun guztian zehar, hala nola pilota finalak, musika emanaldiak, kalejirak, herri kirol erakustaldia, bertsolarien saioa, DJ emanaldiak, elektrotxarangaren kalejira nahiz dantza txapelketa. Sei jan-edanerako postu izango dira plazan, eta 30 bat ekoizlek jarriko dituzte postuak Azoka Plazan. Ordu gutxi batzuk baino ez dira falta festa hasteko.

Ordu batzuk baino ez dira falta Santo Tomas eguna iristeko, eta dagoeneko festarako prest dira herritarrak. Bi urteko etenaren ondoren, baserritar jantziz beteko dira bihar Azpeitiko kaleak, eta jai giroa izango da nagusi Alde Zaharrean nahiz haren inguruetan. Ohiko moduan, musika, kalejirak, taloa eta txorizoa nahiz baserritarren produktuak izango dira protagonista, baita pilota partidak eta dantza suelto txapelketa ere.

Eguneko lehen hitzordua, hain zuzen ere, Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketako finalena izango da. 10:00etan hasiko dira norgehiagokak Izarraitz pilotalekuan, eta mailaz maila, hainbat partida jokatuko dituzte pilotari gaztetxoek. Honako hauek izango dira partidak: Martin Egiguren eta Beñat Eskudero Luka Aizarnaren eta Unax Albizuren aurka (aurrebenjaminak); Ekaitz Manzisidor eta Izar Bengoetxea Eneko Martijaren eta Lore Lizarralderen kontra (benjaminak); Xuban Arandia eta Janitz Goenaga (benjaminak) buruz buru; Kaiet Aizarna eta Julen Eizagirre (kimuak) elkarren kontra; Iker Oiartzabal eta Markel Zorroza Paul Egigurenen eta Oihan Aranbururen aurka (kimuak); Hodei Clavijo eta Unai Beristain (infantilak) parez pare ariko dira; eta Eneko Bidezabalek nahiz Ioritz Arsuagak (infantilak) jokatuko dute azken neurketa.

Goiz eta eguerdi partean musika eta kalejirak izango da protagonista; izan ere, Izarraitz txistulari taldea, Udal Musika Banda, Eltziegoko gaiteroak, Juan Antxieta musika eskolako soinu-jotzaileak, Itsasiko ttuntturroak, Bentazaharreko Mutiko Alaiak eta erraldoien nahiz buruhandiak ibiliko dira kalez kale. Gainera, usadioari jarraituz, herri kirol erakustaldiak eta bertsolarien emanaldiak hartuko dute plaza. Halaber, 30 bat ekoizlek postuak jarriko dituzte Azoka Plazan, eta aurten, sei jan-edanerako postu jarriko dituzte herriko ikastetxeek nahiz eragileek.

Arratsaldean, berriz, Josu Rodriguez eta Asier Hernandez DJak alaituko dute giroa plazan, eta 18:00etan, Skapaie elektrotxarangak askotariko doinuak eramango ditu Alde Zaharreko kaleetara.

Dantza txapelketa, Soreasun

Aurten ere izango da Azpeitiko Dantza Txapelketa, baina aurreko edizioetan ez bezala, XXI.a Soreasu antzokian egingo dute, 18:30ean hasita. 11 bikote ariko dira lehian, eta haiek Izarraitz txistulari taldekoen doinupean egingo dute fandangoa, eta Oskar zein Aitziber Estangaren trikiti doinupean, berriz, arin-arina.

11 eta 15 urte bitarteko dantzariek parte hartuko dute aurtengo txapelketan. Honako hauek, hain zuzen ere: Enaitz Segurola eta Malen Arrizabalaga (Azpeitia), Jone Arriaran eta Izaro Arandia (Azpeitia), Aner eta Alaitz Elorza (Azpeitia), Jare Labaka eta June Izagirre (Azpeitia), Iara Sustaeta eta Ane Lazarobaster (Azpeitia), Oier Arriaran eta Elene Astiazaran (Azpeitia), Julen Urrestilla eta Hegoa Aizpuru (Zestoa-Azpeitia), Ane Anuaritz eta Mikel Esnaola (Lezo) nahiz Danel Castillo eta Enara Artola (Pasai Donibane eta Lezo).

Honako hau da Azpeitiko Udalak datorren asteazkenerako prestatu duen egitaraua:

10:00. Izarraitz txistulari taldearen diana.

10:00. Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketako finalak Izarraitz pilotalekuan.

11:30. Udal Musika Bandaren kalejira.

11:30. Eltziegoko gaiteroen kalejira.

12:00. Juan Antxieta musika eskolako soinu jotzaileen kalejira.

Goizean. Udazkeneko azoka berezia Azoka Plazan.

12:00. Herri kirol erakustaldia, plazan. Mikel Larrañaga, Julen Alberdi Txikia IV.a, Udane Ostolazak, Goenatxo III.ak eta Aimar Irigoienek hainbat lan egingo dituzte aizkoran eta harri jasotzen.

12:00. Itsasiko ttuntturroen kalejira.

12:30-15:00. Bentazaharreko Mutiko Alaiaken emanaldia kalez kale.

13:00. Bertsolariak eta trikitilariak, plazan. Aner Euzkitze, Ane Zuazubiskar eta Unai Agirre ariko dira kantuan, eta Xebastian Lizaso, berriz, gai jartzen.

13:00. Erraldoiak, buruhandiak eta Eltziegoko gaiteroen kalejira.

16:00etatik 22:00. Josu Rodriguez eta Asier Hernandez DJak plazan.

18:00. Skapaie elektrotxaranga.

18:30. Gazteen XXI. Dantza Suelto Txapelketa, Soreasu antzokian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide