Erregeen kabalkada, bideoan

Maialen Etxaniz 2023ko urt. 6a, 10:24

Aspaldiko gorabeheratsuena izan da Erregeen kabalkada Azpeitian; izan ere, Baltasarren istripuak markatu zuen atzoko desfilea. Dena den, gorabeheratsua bezain jendetsua izan zen kabalkada, eta jendetza atera zen kalera Meltxor, Gaspar eta Baltasar agurtzera. Atzoko kabalkadak utzitako irudiekin osatutako bideoa da hau. 

Ohi bezala, Azpeitiko igerilekutik atera ziren hiru Errege Magoak, bertan zegoen jendetzaren begiradapean. Ohi baino zertxobait beranduago atera ziren abiapuntutik, eta karrozetara igo ostean, Sanjuandegitik egin zuten itzulia. Ibilbide osoan jendetza batu zen Meltxor, Gaspar eta Baltasarri harrera egiteko, eta nola ez, gozokiak biltzeko.

Jose Artetxe kaletik igarota, Artzubiko zubirantz hartu zuten Erregeek. Jendetza zegoen han haien zain. Ibilbide aldaketarekin jarraitu zuten aurrera, Alberdieneko urbanizazio berriak Artetxeneko aldapa estutzea eragin baitu, eta kabalkada 1766ko Matxinada kaletik igaro zen, ondoren errebalean behera jaisteko. Matxinada kalean jazo zen Baltasarren istripua. Karrozatik erori zen Baltasar, eta izandako erorketaren ondorioz, ospitalera eraman behar izan zuten. Bitartean, ezjakintasuna zen nagusi plazan; izan ere, Meltxor eta Gaspar soilik iritsi ziren plazara, han zeudenen harridurarako. Orduan jakinarazi zuten kabalkadak ez zituela Alde Zaharreko kaleak igaroko, eta desfilea plazan amaituko zela. Horrela izan zen, eta plazan elkartutako ehunka lagun agurtzera igo ziren udaletxeko balkoira Meltxor eta Gaspar.  

Erlazionatuak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide