San Sebastian eguna da gaur, eta bart hasitako danbor festak ez du etenik herrian. Goizean, Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek kalejira egin dute Udal Musika Bandako musikarien eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroen laguntzarekin, eta ondoren, Udalbatzaren prozesioa iritsi da. Meza nagusia hasi baino lehen ere, danbor hotsak nagusitu dira parrokian, San Sebastian martxarekin. Argazki bilduma, hemen.
Goizeko ekitaldiez geroztik ere izango da zertaz gozaturik San Sebastian egunean zehar. Hemen egitaraua:
- 12:00. Sokamuturra, Erdikaletik aterara, plazan. Lopene ganadutegiko zezenak izango dira.
- 12:30. Arana kaletik eta Artzubia hiribidetik aterata, umeen danborrada. Kalez kale ibiliko dira hamar taldeak, eta plazan bukatuko dute ekitaldia. Gainera, taldeak plazan direla, Juan Antxieta musika eskolak omenaldia jasoko du. Halaber, danbor taldeekin batera aterako da karroza. Aurtengoa Aitor Expositok egin du, Azpeitiko 40. Euskal Antzerki Topaketak gai hartuta.
- 16:30. Sokamuturra, Erdikalean hasita. 20:00etara bitartean ohiko ibilbidea egingo du sokamuturrak. Lopene ganadutegiko zezenak izango dira.
- 23:15. Bandera jaitsierako danborradaren hasiera. Bustinzuriko Errebaletik abiatuko dira jaitsieran parte hartuko duten taldeak (Gastadoreak, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza, Etxera, Basazabal eta Iraurgi SB), eta Alde Zaharrean kalejira eginda, plazan bukatuko dute ibilbidea. 00:00. Banderaren jaitsiera plazan. Udal Musika Bandak joko ditu danborradako piezak, zuzenean.