Hotzak hotz, giro ezin hobean bukatu dituzte herritarrek sansebastianak. Ostirala izanik ohi baino jende gehiago atera zen kalera 2023ko azken danborrada ikustera, eta halaxe, banderaren jaitsieran parte hartzea tokatzen zitzaien sei taldek (Oñatzbideko gastadoreak, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza eta Presoen lagunak) eta festara batu ziren beste bik (Baszabal eta Iraurgi SB) ibilbidea egin zuten Alde Zaharrean barrena.
Plazan elkartu ziren ondoren talde guztiak, eta Udal Musika Bandak lagunduta jo zituzten danborradako piezak. Gauerdian, gainera, herriko bezperan igotako herriko bandera jaitsi zuen Nagore Alkorta alkateak. Plazan nabari zen ostirala zela; beste urteetan baino jende gehiago izan baitzen banderaren jaitsierako danborrada ikusten eta festa giroaz gozatzen.
Asteburua izanik, gaur eta bihar jai giroko hainbat ekintza izango dira herrian. Hona hemen egitaraua:
Gaur, zapatua.
- 22:00. Trini Fox, Ro eta Willis Drummond taldeen kontzertuak, Sanagustin kulturgunean.
Bihar, igandea.
- 12:00. Zezen Beltzek antolatuta, sokako zezen txikia Erdikaletik plazara. Ondoren, Bergarako Zezenak ganadutegiko zezen txikiak eta poniak plazan.
- 16:30. Zinuema: Gabi filma. UEMAk eta Tinkok zinema aretoetan euskarazko eskaintza bermatzeko sortu duten egitasmoaren barruan emango dute filma.
- 16:30.Erdikalean hasita, sokamuturra; ohiko ibilbidea izango du 20:00etara bitartean. Bergarako Zezenak ganadutegiko zezenak izango dira