Azpeitiarren doinuak

Aner Ganzarainen euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2023ko api. 19a, 10:00

Aner Ganzarain. (Utzitakoa)

Azpeitiarren doinuak seriearen barruan, Aste Santuko oporraldiaren bueltan, asteazkenero, hainbat herritarrek aukeratutako bosna euskal kanta jasotzen ari da Uztarria. Hau da Aner Ganzarain Azpeitiko Gaztetxeko kideak osatu duen zerrenda.

  • Badira hiru aste (Mikel Urdangarin)

"Denok ezagutzen dugun kanta bat da, baina niri pertsonalki lasaitasun handia transmititzen dit, edozein momentutan errealitatetik ihes egiten laguntzen didan kantu bat da".

  • Orain (Hemendik At)

"Parrandetako kanta batek ezin zuen hutsik egin zerrenda honetan. Tabernetan nahikoa reggetoi entzuten da dagoeneko, eta batzuetan ondo sartzen da beste era bateko musika. Jartzen duten bakoitzean, kantu honek, beste batzuek ez bezala, energia eta motibazio handia sorrarazten dizkit".

  • Norabidea (Rodeo)

"Indar eta energia handia dituen kanta dela iruditzen zait, eta edozein momentutan jartzeko modukoa ere bada. Duela bi urteko Gazte Topagune Sozialistaren oroitzapenak ekartzen dizkit, gainera, kantu honek".

  • Amore (J Martina)

"Zaila da J Martinaren kanta bakarra aukeratzea. Nigatik balitz, denak aukeratuko nituzke! Baina bat aukeratzekotan, honen alde egingo nuke, guztien artean energia gehien transmititzen didana delako eta edozein egoeratan entzuten dudalako: ikasterakoan, lagunekin, etxean bakarrik nagoenean...".

  • Laztana (Latzen)

"Kanta honek hainbat emozio azaleratzen dizkit. Alde batetik, txikia nintzeneko eta kezkarik gabeko garai onetako oroitzapenak ekartzen dizkit, nostalgia puntu bat sorraraziz. Bestetik, kanta berri bat bailitzan, motibazio handia eta dena emateko gogoa ematen dit".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide