Udal eta foru hauteskundeak 2023

Udal hauteskundeen lanketa berezia egingo du Uztarriak datozen asteetan

Erredakzioa 2023ko mai. 5a, 09:00

Maiatzaren 28ko udal eta foru bozen harira, hainbat egitasmo egingo ditu Uztarriak. Alkategaien mahai ingurua izango da maiatzaren 18an; Nagore Alkorta EH Bilduren alkategaiak eta Jabier Altuna EAJren alkategaiak parte hartuko dute saioan. Horrez gain, bi alkategai horien elkarrizketak ez ezik, elkarrizketa digitalak ere eskainiko ditu Uztarriak. Bozen egunean jarraipen berezia egingo du hedabideak, eta biharamunean egunkari berezia kaleratuko du Urola Kostako Hitzak.

Uztarria Komunikazio Taldeak hauteskundeei buruzko lanketa berezia egingo du datozen asteetan. Maiatzaren 28an izango dira udal eta foru bozak, eta horien atarian hainbat egitasmo egingo ditu. Gainera, hauteskunde egunean eta gauean horien jarraipena egingo du, eta biharamunean ere eskainiko du bozen gaineko informazioa Azpeitiko hedabideak.

Azken urteetako legez, alkategaien mahai ingurua izango da Azpeitian. Nagore Alkorta EH Bilduren alkategaia eta Jabier Altuna EAJren alkategaia aurrez aurre ariko dira hizketan maiatzaren 18an, ostegunez, Sanagustin kulturgunean (19:00). Gainerako alkategaiei ere egin die proposamena hedabideak, baina horiek ez dute parte hartuko. Herritarrentzako irekia izango da saioa, eta gainera, Uztarria.eus-en eta Erlo Telebistan zuzenean ikusi ahal izango da. Ihintza Elustondo kazetariak gidatuko du aurtengo mahai ingurua.

Hauteskundeen atarian herriko alkategaiei elkarrizketak egingo dizkie, halaber, Uztarriak. Hain zuzen ere, EH Bilduren eta EAJren alkategaien solasaldiak kaleratuko dituzte Urola Kostako Hitzak eta Uztarriak maiatzaren 24an, bideoz nahiz idatziz.

Aste horretan bertan, gainera, Alkortari nahiz Altunari galderak bidaltzeko parada izango dute herritarrek. Izan ere, Azpeitiko bi alkategai horiek Uztarriaren egoitzan izango dira herritarrek egindako galderak erantzuten. Elkarrizketa digitalak direnez, Uztarriak hitzorduak baino egun batzuk lehenago zabalduko du hautagaiei galderak bidaltzeko epea; aurrerago emango ditu hedabideak xehetasunak.

Hauteskunde eguna eta biharamuna

Hauteskundeen egunean eta gauean jarraipen berezia egingo du Uztarriak webgunean. Hain zuzen ere, argazki bildumak, bideoak, parte hartze datuak eta abar eskainiko ditu Azpeitiko hedabideak egun osoan zehar webgunean. Gainera, gauean zuzenean eskainiko ditu herriko emaitzak Uztarria.eus-en, baita alderdien eta alkategaien lehen erreakzioak ere.

Biharamunean bozei eskainitako egunkari berezia kaleratuko du Urola Kostako Hitzak, eta egun horretan ere foru bozen emaitzak zein bestelako hainbat eduki eskainiko ditu Uztarriak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide