Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetako kanpainaren azken txanpan, alkategaiekin elkarrizketa digitalak antolatu ditu Uztarria.eus-ek. Hain zuzen ere, EAJren zerrendaburu Jabier Altunaren eta EH Bilduren zerrendaburu Nagore Alkortaren elkarrizketa digitalak izango dira aste honetan.
Altuna izango da herritarren galderak erantzuten aurrena; asteazkenean, hilaren 24an, Uztarriaren erredakzioan izango da, 18:00etatik aurrera. Alkortak, berriz, ostegunean, hilaren 25ean, erantzungo ditu herritarren galderak, 10:00etan hasita. Elkarrizketa horietako bakoitza hasterako bidalitako galderak soilik hartuko ditu kontuan Uztarriak.
Azpeitiko hedabideak, gainera, Elkarrekin Podemosen, PSE-EEren eta PPren zerrendaburuei ere egin die elkarrizketa digitalerako proposamena, baina ez egitea erabaki dute horiek.
Dagoeneko EAJren eta EH Bilduren zerrendaburuei galderak bidaltzeko aukera dute herritarrek: Altunari galderak bidaltzeko egin klik honako lotura honetan; eta Alkortari bidaltzeko, hemen.