Lau urte daramatzazu Azpeitiko alkate karguan eta beste lau urtez jarraitzeko prest zaude? Alkategai aurkeztea erabaki erraza izan al da?
Lehen aldiz orain dela lau urte egin zidaten alkategai izateko proposamena, eta ez nuen espero proposamen hura jasoko nuenik. Lau urte geroago, berriz ere hemen nago, eta egia esan gauzak asko aldatu dira. Orain dela lau urte, zergatik aurkeztu nintzen galdetzen zidaten, eta erantzuten nien Azpeitiak egin zuen aldaketarekin identifikatuta sentitzen nintzelako zela. Urte asko neramatzan udaletxean lanean, eta uste izan nuen martxan zegoen herri proiektu hartan ale bat jar nezakeela; horregatik animatu nintzen. Lau urte pasatuta, erabakia noski ez da erraza izan, baina ulertzen dut eta uste dut alkategai aurkezteko oso momentu garrantzitsua dela, Azpeitiarekiko eta azpeitiarrekiko konpromisoa biderkatu egin dela. Ikusten dut herri honetan herri proiektu bat dagoela eta Azpeitiarekiko sentimentu horrek indar handia duela, eta lau urteotan lehen eskutik ikusi izan dut baita ere hemen herrigintza indartsua daukagula, eragile askok elikatzen dutela proiektu hau. Beraz, alkategai aurkezteari baiezkoa esatea besterik ez neukan. Gainera, proiektu asko ditugu martxan, eta uste dut erantzukizunez jokatzeko momentua dela, eta baita ere herri honekiko daukadan konpromisoa adieraztekoa ere. Eta leku honetan nagoenez, aprobetxatu nahiko nuke esateko hemen atzean ezkerretara Corrugados eremua daukagula, eta baiezkoa emateko beste arrazoietako bat izan dela herritarrengandik jaso dudan babesa, une gogorretan sentitu dudalako azpeitiarrak bat daudela gurekin, eta hori ere izan da alkategai aurkezteko beste arrazoietako bat.
Talde berrituarekin aurkeztu da EH Bildu. Zer moduzko taldea osatu duzue?
Taldea osatzea ez da lan erraza izaten; orain dela lau urte ez, eta orain ere ez. Hiruk jarraituko dugu talde berrian, eta gaur egun zinegotzi den beste bat ere zerrendako kidea da. Oso gustura gaude eta nago egin dugun taldearekin. Taldea egiteko garaian uste dut garrantzitsua dela nolabait zuk ordezkatuko duzun herriaren isla izatea, eta horretan saiatu gara. Azpeitia sentsibilitate ezberdinetako herritarrek osatzen dute, eta bilatu duguna da azpeitiarrek talde horretan beren burua irudikatuta sentitzea. Uste dut talde honek badaukala kudeaketan esperientzia eta freskotasuna, jende berri asko sartu zaigu, lehen aldiz politikan jarduteko pauso hori eman dutenak; benetan eskertzen dut pauso hori eman izana. Eta garrantzitsua iruditzen zait baita ere herrigintzan arlo ezberdinetan aritutako jendea batu zaigula taldera, eta horregatik, sinesten dut talde indartsua egin dugula, eta uste dut, gainera, pertsona batean zentratutako lidergo batetik harago, lidergo kolektiboa landu behar dela, eta talde honek horretarako bidea ematen duela.
Alkate izan zaren lau urteotan denetatik bizitzea egokitu zaigu. Zer balorazio egiten duzu egindako lanaz eta zerbait nabarmenduko zenuke?
Balorazioa uste dut herritarrek egin beharko luketela. Niri tokatzen zaidana da urte hauetan egin dugunaren balantze bat egitea edo guk nola bizi izan dugun azaltzea. Lau urte hauek gogorrak izan dira, inoiz pentsatuko ez genituen egoera batzuk kudeatzea egokitu zaigulako, nagusiki pandemia batek harrapatu gaituelako. Horrek eraman gaituena da ezohiko edo pentsatzen ez genituen neurriak hartzera. Pandemia deklaratu zenean, Azpeitiko Udala zorionez egoera ekonomiko onean aurkitzen zen, aurrekontuak onartuta genituen eta baliabide batzuk ere bagenituen herritarren beharretara jartzeko. Horretara jarri ginen, udal baliabideak herritarren mesedera erabiltzera. Baina agintaldi hau ez da pandemia bakarrik izan; argi geneukan lehenengo eta behin herritarren beharrei erantzun behar geniela, udalak garelako herritarrengandik gertuen gauden erakundeak, eta saiatu ginen erantzuten. Baina, horretaz aparte, gu herri programa batekin aurkeztu ginen, argi genuen herri programa horri erantzun egin behar geniola, herri honek bazituela erronka batzuk proiektu estrategiko batzuen bidez gauzatzeko, eta horri ere heldu genion. Eta alde horretatik, genituen erronka nagusiak martxan jarri ditugula esan genezake. Alde batetik, azpimarratu genuen bezala, lur industrialen gaia genuen. Urola industrialdearekin azterketa bat egin zen herriko enpresa desberdinen artean, eta argi ikusten zenez, herriko enpresa askok eskatzen zuten lur edo eremu industrial gehiago izatea herrian; eta horren baitan, bi proiektu garrantzitsu behintzat martxan jarri ditugu. Alde batetik, Landetako Plan Berezia; hasierako onarpena eman diogu. Hainbat azterketa egin ditugu eremu horren inguruan, eta plan berezi horrek posible egingo du eremu hori eraberritzea, erakargarriagoa egitea eta bizigarriagoa. Eta bestetik, lur industrialei lotutako bigarren proiektu garrantzitsua izan da Larringo Plan Partziala, dagoeneko dezente aurreratuta daukaguna. Plan partzial hori urte askoan egon da ataskatuta. Udal Gobernura iritsi ginenean lortu genuen berriro ere plan hori aktibatzea, dagoeneko behin-behineko onarpena eman diogu, urtea bukatzerako seguru asko behin betiko onarpena emango diogu, eta espero dugu datorren agintaldian errealitate egitea Larringo industrialdea. Sustapen ekonomiko laguntzekin jarraitu dugu, eta pandemia aipatu dugunez, esan beharra dago zaintza bihurtu dela agintaldiko nukleo garrantzitsu bat; herriak zaindua izan behar du, eta hor bai baliabide eta energia asko erabili ditugula, Azpeitian zaintzaren ekosistema edo sare integral bat osatzeko. Azterketa bat egin zen eta horrek erakutsi zuen 2031. urtean Azpeitiko biztanleen laurdenak adinekoak izango direla. Adinekoengatik hitz egiten dugunean, orokorrean hitz egiten dugu, baina adinekoena oso talde heterogeneoa da; beraz, guztien beharrei erantzuteko baliabideak jartzen saiatu behar gara. Horren ardatza izango da Perdillegin eraikiko den mendeko egoeran dauden pertsonentzako zentro hori, baina horretaz aparte, beste hainbat baliabide ere martxan jarri ditugu, eta besteak beste, azpimarratu nahi nuke etxez etxeko laguntza integrala eta epe motzean abian jarri diren etxe tutelatuak. Horrekin batera, eta puri-purian dagoen trantsizio energetikoaren inguruan, Ekindar proiektua, Azpeitiko lehen energia komunitatea sortu da. Azpeitiarrek sortu eta babestu duten proiektua izan da, 500 familia direlako bazkideak, eta dagoeneko martxan dagoen proiektua da. Eta horren mediatikoak izan diren gaiekin, adibidez, Corrugadosen inguruko auziarekin, eraso latza jaso genuen herri bezala, baina herri honi emandako hitza eta Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrean jasotakoa bete dugu eta gune hori eraberritzeko plana martxan jarri dugu, Amueko Plan Bereziarekin. Espero dugu herri honetan denok elkarrekin lan egitea hori beteta ikusteko. Orduan, balantzea egiteko garaian, esan genezake Udal Gobernuak gauza asko jarri dituela martxan, baina beste egitasmo asko ere martxan jarri dira herrigintzan lanean ari diren eragileei esker, eta gure aldetik eskerrak ematea besterik ez dagokigu.
Agintaldian zehar herria behin baino gehiagotan egon da fokupean. Nola kudeatzen da hori?
Agintaldiaren hasiera herri programa bat genuen eta hari erantzuten hasi ginen. Plan estrategiko bat egin genuen 2030. urteari begira, eta pandemia bat gainditu ondoren, bat-batean, Corrugadosen auzia atera zitzaigun. Uste dut herriz gaindituko beste interes batzuengatik herria fokupean jarri zela. Izugarrizko erasoa jasan genuen erakundeetatik. Baina herri honek erakutsi du erabaki bat hartuta zeukala, eta eskerrak eman behar dizkiet azpeitiarrei beraiek erabaki zutelako gune hori bizigarri egitea, eta nolabait esan dezaket azpeitiarren interesen defentsa hori egiteko bidea eman zidala horrek, eta beste tentazio batzuk egon baziren ere, herriaren hitzak lehentasuna izan du eta gainera bete egingo da. Eolikoen inguruan, berriz ere zentroan jarri ginen proiektu baten baitan. Esan dezakegu zarata asko sortu dela, eta noski dela gai bat denok kezkatzen gaituena, bai herritarrak eta bai Udal Gobernuan gauden kideak, baina esan beharra dago oraindik proiektu hori egitasmo soil bat dela. Berriz ere fokupean jarri nahi izan gaituzte, eta gu ez gaude beste aldera begiratzeko, arazoa hor daukagu, eta espero dugu ibilbide bat egin ahal izatea, eta herritarren parte hartzearekin gai hau aztertu ahal izatea.
Datozen lau urteetara begira jarrita, zeintzuk dira EH Bilduk Azpeitirako dituen lehentasunak?
Azken urteotan herritarren parte hartzearekin herri proiektu bat elikatzen joan gara, duela hamabi urte hasitako proiektu bat, eta datozen urteetan ere horretan jarraitzea nahi dugu bai EH Bilduk eta baita Azpeitiko udal talderako aurkeztu garenok ere. Ez dugu gelditu eta atzera begiratu nahi, proiektu asko ditugu eta horiei beste abiada bat eman nahi diegu, egindako lana blindatu nahi genuke. Lehentasun bezala, pertsona jarriko dugu erdigunean, inor ez dadila atzean gelditu, gizarte kohesionatu bat ez badaukagu, beste guztiak ez duelako ezertarako balio. Beraz, pertsona erdigunean jarrita, herritarren mesedetan egin behar dugu lana, baliabide publikoak herritarren mesedetan erabili behar ditugu, eta argi daukaguna da herritarren lehentasunak direla gure lehentasunak eta noski EH Bildurenak.
Zeintzuk dira Azpeitiak datozen urteetarako dituen erronka nagusiak?
Gure herri programak bost ardatz ditu oinarri gisa. Ez dugu nahi konformatu gaur daukagunarekin, salto bat edo jauzi bat egin nahi dugu. Herri aktiboagoa nahi dugu, herriko ekonomiaren motorra izan nahi dugu, tokiko laguntzak sustatu, lur industrialetan martxan jarri ditugun planak aurrera eraman, interes ezberdinei eta sektore ezberdinei erantzuteko baikaude. Bestetik, eta uste dut gainera Azpeitia horretan pioneroa dela eskualde mailan, herri duinago bat nahi dugu, inor atzean geldituko ez dena, eta denen beharrei erantzuten saiatu beharko dugu. Alde horretatik, esan beharra dago Gizarte Zerbitzuetan izugarrizko lana egin dela, bulego berria ireki dugu; eta proiektu izar bezala, nola ez, mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako zentroa izango da ardatza. Gure lanketa izango da zaintzaren ekosistema edo sare hori osatzen joatea, eta horrekin batera, pisu tutelatuak, etxez etxeko arreta integrala, eta zergatik ez, egoera zaurgarrienean dauden pertsonak laguntzea eta babestea. Gero, herri iraunkorrago bat nahi dugu, jasangarria. Ezin duu beste aldera begiratu, trantsizio energetikoaren aldeko apustua egin behar dugu, eta gure asmoa da prozesu deliberatzaile batzuk martxan jartzea eta eremu horretan arituko diren herri eragileekin Ingurumen Mahai bat sortzea. Eta noski, Ekindar sortu bada, horri ere abiada berezia eman nahi diogu, eta proiektu ezberdinei irekita jarraitu. Herri bizigarriago bat nahi dugu, guztiek bizi eta lan egin dezaketen herri bat edukitzea, eta uste dut horretan garrantzia duela etxebizitza politika eraldatzaile bat izateak. Horretan sinesten dugu, babestu nahi dugu, eta horretarako mekanismoak jarriko ditugu, etxebizitza bat izatea eskubidea dela, eta beraz, herritarrek hemen bizitzeko aukera izan dezaten abantailak emango dizkiegu eta baliabideak jarriko ditugu. Bukatzear den agintaldian 170 etxebizitza entregatu ditugu eta guk sustapen publikoko etxebizitzen aldeko politika bat egiten jarraitu nahi dugu. Eta azkenik, eta ez garrantzi gutxiago daukalako, herri errotuago bat izatea nahi dugu, herri hezitzailearen dinamika hori arloz arlo txertatzea, eta gure txikientzat eta gure gizartearentzat berdintasun balioetan oinarritutako herri bat sortzea.
Eolikoen gaiari dagokionez, datozen lau urteetan azpeitiarrek zer espero behar dute EH Bildurengandik?
Eolikoen gaiak Azpeitian mugimendua sortu du, normala den bezala, ingurumenean eragina duen gaia ere badelako. Eolikoetaz hitz egiten ari garenean energia berriztagarrien sorkuntza iturri batez ari gara, eta esan beharra dago Azpeitiko Udal Gobernuak eta nik, alkateak, bai eolikoen gaian eta bai trantsizio energetikoari dagokionez, interes partidistak alde batera utzi eta herria babestuko dugula, herriaren interesak, eta erabakiak herrian hartuko direla. Hori esanda, ukatu ezin duguna da energiarekin benetako arazoa daukagula, klima larrialdian gaudela, eta ezin dugula beste aldera begiratu eta ezer ez egin, ezer ez egitea ez delako hautu ekologista bat; baina beste gauza bat ibilbidea nola egiten dugun. Hau da, eolikoak bai edo ezetik, edo Piaspe proiektua bai edo ezetik haratago, arazo bat daukagu herri bezala. Arazo horretaz hitz egin egin behar dugu, mahai bat sortu behar dugu, eta bide bat hausnartu beharko genuke; izan ere, posible da Piaspe proiektua aurrea ateratzea edo ez, baina horrekin ez dugu gure arazoa konponduko. Hortaz, uste dut lanketa bat egin behar dugula herri gisa. EH Bilduk eta udal talde honek badauzka marra gorri batzuk, eta proiektu batzuk baztertu egingo ditugu. Ingurumenari sekulako kaltea sortzen dieten proiektuak eta irabaziak eta mozkinak enpresa baten kapitalera doazen proiektuak ez ditugu aztertuko, baztertu egingo ditugu. Hori bai, energi berrikuntzako sistema ezberdinei ateak irekita gaude, ateak irekita gaude aztertzera, ez daukagulako besterik, derrigor aztertu behar ditugulako, baina betiere marra gorri horiek errespetatuz eta betiere esanez gai honen inguruko erabakiak herrian hartuko direla eta herritarren interesak lehenetsiz.
Hauteskunde egunari begira jarrita, zer emaitza espero dituzu?
Espero dudana da herritarren babesa jasotzea, espero dudana da herritarrek ikustea hemen herri proiektu bat dagoela, eta erabaki beharko dute herri proiektu honekin jarraitu nahi duten edo atzera begiratu eta atzera geratzea nahi duten. Gaur egun martxan ditugun proiektuekin jarraitu nahi duten edo bertan behera utzi nahi dituzten, eta orain arte lortu den elkarlana, herrigintzan egindako lana, proiektu hauekin guztiekin jarraitzea nahi den edo ez. Espero dut herritarrek nahiko dutela hasitako proiektuekin jarraitzea, sinesten dutela hemen badagoela herri proiektu bat, eta horregatik, herritarren babesa eskatzen dugu.
Azpeitiarrek zergatik bozkatu behar diote EH Bilduri?
Oraindik lan asko daukagulako egiteko, hamabi urte hauetan herritar eta eragile ezberdinek elikatu duten proiektu bat daukagulako martxan, proiektu honek jarraitu beharra daukalako, oraindik egitasmo asko dauzkagulako, eta benetan uste dugulako herriaren eta herritarren interesen mesedetan jardungo duen talde bat garela. Prestatuta gaude erronka berriei aurre egiteko, beti ere herritarren interesak lehenetsiz.