Udal eta foru hauteskundeak 2023

Hautetsontzietan dago orain fokua

Julene Frantzesena 2023ko mai. 26a, 08:54

Ikuskizun dago zer emaitza izango diren igande iluntzean, ikusteko dago 2019ko bozetako emaitzen joera errepikatuko al den. Ikusteko dago alderdiek eutsiko al dioten azken lau urteetan izan duten aginteari edo aldaketak izango al diren. Azpeitian 11.639 herritar daude boza ematera deituta.

Gaur gauean bukatuko da udal eta foru bozen kanpaina. Herritar hainbatek erabakita du dagoeneko zein alderdiri emango dion botoa, beste hainbatek erabakitzeko dute oraindik ere, eta beste batzuek ez dute bozkatuko. Dena den, alderdiei bukatu zaie herritarrak konbentzitzeko eta bereganatzeko zuten legezko tartea.

Herritarrena da, beraz, erabakia. Igandean, 09:00etan zabalduko dituzte hauteslekuak eta 20:00etara arte izango dute herritarrek dagokien mahaian boza emateko aukera. Udal hautetsiak erabakitzeko ez ezik, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako ordezkariak hautatzeko parada izango dute boto emaileek.

Ikuskizun dago zer emaitza izango diren igande iluntzean, ikusteko dago 2019ko bozetako emaitzen joera errepikatuko al den. Ikusteko dago alderdiek eutsiko al dioten azken lau urteetan izan duten aginteari edo aldaketak izango al diren.

Kanpainan inkesten hainbat emaitz kaleratu dituzte hedabideek eta erakundeek, eta Gipuzkoan lehia estua aurreikusten dute EAJren eta EH Bilduren artean. Herrietako inkestarik apenas argitaratu dute, eta beraz, tokian-tokian sumatzen den giroa izan daiteke iganderako iparrorratza.

Urduritasuna ere suma daiteke hautagaien artean. Kanpainako azeleratzailea askatuta, etxekolanak bukatuta, bakoitzak bere mezuak ahalik eta bozgorailu gehienetatik zabalduta, emaitzen zain gelditzea besterik ez zaie geratzen. Eta badute urduri egoteko motiborik, asko dutelako jokoan eta ez dagoelako alderdien esku emaitza; hein batean, herritarrek dute hauteskundeen giltza.

Hauteskunde hauetan, guztira, Urola Kostako 59.522 herritar daude boza ematera deituta, Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera: Aian 1.573 lagun; Aizarnazabalen 573; Azkoitian 8.679; Azpeitian 11.639; Beizaman 121; Errezilen 491; Getarian 2.221; Orion 4.599; Zarautzen 18.794; Zestoan 2.842; eta Zumaian 7.970.

Igande gauean argituko da lehen inkognita, eta behar bada, leku batean baino gehiagotan beste bat zabalduko da, politikan ere beharrezkoak baitira, askotan, matematikak.

Hona hemen 2019ko udal bozetako Urola Kostako emaitzak:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide