Udal eta foru hauteskundeak 2023

Parte hartze datuei begira hasi da boto kontaketa

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 28a, 20:15

Behera egin du parte hartzeak Azpeitian, eta horrek jakin-mina sortu du herrian. 20:00etan itxi dituzte hauteslekuak eta orduan hasi dira korreo bidezko botoen gestioekin. Ondoren ekin diote gainerakoen kontaketei. Datuak jakin ahala jakinaraziko ditu Uztarriak.  

18:00etan eman ditu Espainiako Barne Ministerioak udal hauteskundeetako eguneko bigarren parte hartze datuak, eta Azpeitian eguerdira bitartean baino gehiago jaitsi da zenbateko hori. Hauteslekuak ixteko bi orduren faltan emandako datuen arabera, 8,3 puntu jaitsi da parte hartzea, 2019ko udal bozetako datuekin alderatuta.

Hauteslekuak ireki dituztenetik 18:00etara, herritarren %47,78k eman dute botoa; hau da, boza ematera deituta zeuden herritarretatik 5.442k. 2019an, berriz, herritarren %56,1ek eman zuten botoa ordu horretara bitartean, hautes erroldako 6,305 lagunek.

Gipuzkoan ere behera egin du parte hartzeak. Zehazki, herritarren %48,54 joan da udal hauteskundeetan boza ematera, 2019an baino 4,8 puntu gutxiago.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide