Nagore Alkorta izango da Azpeitiko alkate datozen lau urteetan. Udal bozak pasatu eta ia hiru astera, gaur egin dute udalbatza berria osatzeko kargu hartze ekitaldia Azpeitiko udaletxeko areto nagusian. 12etan hasi da ekitaldia, pleno aretoa jendez gainezka zegoela. EH Bilduko nahiz EAJko hautagaiak ez ezik, haiei babesa agertzera bertaratu diren dozenaka herritar elkartu da ekitaldian. Ezustekorik gabeko ekitaldia izan da Azpeitikoa, eta hauteskundeetako emaitzak jakin berritan aurreikusi bezala, Nagore Alkorta izango da Azpeitiko alkatea datorren agintaldian ere.
EH Bilduk gehiengo osoz irabazi zituen bozak maiatzaren 28an, eta koalizioak aurreko agintalditik zuen zinegotzi kopuruari heldu dio; hain zuzen, hamar zinegotzi izango ditu EH Bilduk. Datorren agintaldian azpeitiar guztien eta Azpeitia hobego baten alde lan egiteko konpromisoa erakutsi du Alkortak gaurko kargu hartze ekitaldian. Besteak beste, aipagai izan ditu zaintza lanetan aritzen diren, emakumeak, etorkinak, ingurumena eta euskal kultura.
EAJk ere aurreko agintaldiko zinegotzi kopuruari heldu dio. Hain zuzen, zazpi zinegotzi izango ditu EAJk. Jabier Altuna izango da jeltzaleen bozeramailea, eta hark adierazi du errespetuan oinarritutako oposizioa egingo duela EAJk datorren agintaldian, errespetuan oinarritutakoa eta lehiala, baina oposizioa. Era berean, "herriarentzat onak diren proiektuak” babestuko dituztela azaldu du Altunak, baina haien programarekin bat egiten ez dutenen kontra borrokatu beharko dutela adierazi du.
Udaletxeko areto nagusian elkartu diren herritarren txalo artean borobildu dute kargu hartzea. Amaitzeko, 2023-2027ko udalbatzarra osastuko duten bi alderdietako kideek argazkia atera dute, datozen lau urteetako erronkei heltzeko prest.