San Joan egunaren bezperan Lizar arbola plazan sartzea tradizio handiko ohitura dute Urrestillan, eta atzokoan ere jendetza bertaratu zen zuhaitza tente nola jartzen zuten ikustera. Behin Lizarra zutik zela, San Joan sua piztu zuten, eta haren bueltan dantza saioa egin zuten dozenaka herritarrek, ume zein heldu. Sua itzali zenean, Laket musika taldearen gain gelditu zen gaua girotzeko ardura, eta asmatu zuen nola egin.
Gaur, San Joan eguna izanik, ospakizunekin jarraituko dute urrestildarrek. Trikitilari gazteak izan dira herria girotzera ateratzen aurrenak, 11:00etan. Eguerdian, antxietatarren herritartasunaren aldarria egiteko ekitaldia gauzatu dute auzotarrek, eta buruhandiak ere ibili dira umeen gozagarri. 18:00tatik, berriz, kontzertuak izango dira: Deñe, Gabezin eta Ukabil. Ondoren, DJ Lizartxok jarraituko du musika jartzen.