- Lehenengotxu hori (Haur kantak)
"Lauzpabost urte nituenean gure izeko Karmenen belaun gainean jarrita, nire hatz txikiak bere hatzen artean, kantuan biok. Ni beti txokolate eske, eta gure izeko ni konbentzitu nahian aingeruek arratsaldeko laurak arte ez zutela txokolaterik hartzen".
- Lili bat (Mikel Laboa)
"Nerabezaroko hutsune existentzialak nola bete asmatu ezinik, ulertu ezinik, Mikelen abestien musika eta letrak lagungarri izan nituen. Zenbat aldiz entzun ote nituen, behin eta berriz, behin eta berriz, neure baitan kantuan".
- Kapitalismoak (Gontzal Mendibil eta Xeberri)
"Txokolatearen adikzioa oraindik gainditu gabe, greba orokorrak, manifak, askatasuna, sozialismoa bezalako kontzeptuez jabetzen hasi nintzenean, kantu honen indarrak ederki betetzen ninduen. Abestuz ere gauzak aldatu zitezkeela sinesten nuen".
- Goizian argi hastian (Pierre Bordazarre eta Etxahun Iruri)
"Getarian hasi nintzen lanean, baina lanaz gain, parranda ere egiten nuen. Gaua luzatzen zenean eta aldartea alaitzen zenean, han joaten ginen kuadrillan parrokiako eliza aldameneko pasadizoan dagoen kapilatxora kanta hau abestera. Zer emozio. Eta zer akustika".
- Zurekin batera (En Tol Sarmiento)
"Lagun on bat izateak, edozein momentu edo egoera on are hobeago bihur dezakeelako, eta une txar bat sendagarri bihurtu. Bizitzak beti hor izango duzun opari bat eman dizulako, bizipoza. Modu hoberik ba ote da nire bizipenak eta gustuko kantak zuekin partekatzeko?".