Santioak eta saninazioak 2023

Santio eguna, barrutik eta kanpotik bustita

Nerea Uranga 2023ko uzt. 25a, 16:02

Gaur, Santio egunez, eguraldi bustia egin arren, jendetza batu da eguerdian Azpeitiko plazan eta Alde Zaharreko kaleetan. Azpeitiko 49. Sagardo Txapelketa Izeta sagardotegiak irabazi du, eta 23. Ardi Gazta Txapelketa, berriz, Goienetxe gaztandegiak.

Tarteka izan dira aterruneak, baina euria egin du nagusiki eguerdi artean. Hala ere, Santio eguneko ospakizunak eta txapelketak normaltasunez egin dira, eta jendetza batu da Azpeitiko plazan eta Alde Zaharreko kaleetan. Goizeko ekintzen ondoren, 12:00ak jo orduko hasi da sagardoaren, gaztaren, txekor errearen eta hegaluzearen bueltako festa.

Ohi bezala, ilara luzeak izan dira txekor errearen eta hegaluzearen pintxoak eskuratzeko orduan; estimatuak izaten baitira pintxo horiek sagardoarekin batera dastatzeko. Txekor errearen pintxoak ordu eta erdian agortu dira. Mixio taldekoak arduratu dira pintxoak banatzeaz, eta haiek adierazi dute 264 kiloko txekorra izan dela aurten erretakoa eta 2.000 pintxotik gora banatu dituztela. Pintxoetatik eskuratutako dirua misioetako bi proiektu laguntzera bideratuko dutela ere adierazi dute. Hegaluze errearen kasuan, 250 kilo erre dituzte parrilan, eta 900-1.000 pintxo inguru banatu dituzte.

Izetakoa sagardo txapelduna

Bitartean, plazako arkupeetan 49. Sagardo Txapelketan parte hartu duten 23 sagardotegietako sagardoak dastatzeko aukera izan dute plazan bildutako herritarrek, kopan edota basoan. Plazako kioskoan, berriz, txapelketako epaimahaiak lanean jardun du sagardorik onena aukeratzeko. Txapela Izeta sagardotegiak irabazi du, 133 puntu lortuta. Haren atzetik, bigarren Barkaiztegik egin du, 130 puntu eskuratuta, eta hirugarrena Petritegi gelditu da, 127 punturekin.

Izeta sagardotegiko Sebastian Iruretagoienak Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen eskutik jaso ditu txapela eta garaikurra. Pozik zegoen Izeta sagardotegikoa: "Lau urte dira Azpeitiko Sagardo Txapelketan parte hartzen hasi ginela, eta lorpen handia da txapelketa hau irabaztea, izen handikoa baita. Txapela jasotzeko orduan emozionatu eta dena egin naiz".

Sagardo txapelketako sariekin batera Ardi Gazta Txapelketako sariak banatu dituzte plazako kioskoan, eta irabazlea Mutrikuko (Gipuzkoa) Goienetxe gaztandegiko Beñat Egaña izan da, 332 puntu eskuratuta. Bigarren, Legazpiko (Gipuzkoa) Makatza gaztandegiak egin du, 325 puntu eskuratuta, eta hirugarrena, berriz, Lekarozko (Nafarroa) Kortaria gaztandegiko gazta izan da, 314 punturekin. Goienetxe gaztandegikoek martxoaren erdialdera egindako gazta ekarri dute Azpeitiko txapelketara, eta gustura jaso dute saria.

Pilotako txapelketa, Izarraitzen

Herritarrak plazan sagardoaren bueltako festa ospatzen ari ziren bitartean, Izarraitz pilotalekuan Ilunpe pilota elkartekoen Cesar Valverderen omenezko 38. pilota txapelketako finalak jokatu dituzte. Aterpean gozo, frontoian ere jende asko bildu da gaur pilota partidak ikusteko.

Benjamin aurrekoetan, Xuban Lekuona izan da txapelduna 16-7 irabazita Sustrai Urbistondori. Binaka, berriz, Auritz Esnaolak eta Xabier Aizpuruk irabazi dute txapela, Martin Egigurenen eta Dhilan Kabilanen kontra 16-14 eginda.

Benjaminetan, Oihan Urangak 16-7 irabazi dio Eneko Martijari, eta Xuban Arandiak 16-4 Janitz Kerejetari. Kimuen mailako finalean, berriz, Paul Egigurenek eta Adei Lizarraldek 16-13 irabazi diete Unai Reyesi eta Xanet Irureri, eta Julen Saizarrek eta Jon Jauregik 16-10 Kaiet Aizarnari eta Jare Zubizarretari.

Infantiletan, Ioritz Arsuagak 18-8 irabazi dio Eneko Bidezabali, eta Julen Larramendik 16-5 Hodei Clavijori.

Erlazionatuak

Hasi da Santio eguna girotzen

Nerea Uranga 2023 uzt 25 Azpeitia

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide