2021ean hautsak harrotu zituen Corrugados auzia berpiztu egin du herenegungo udalbatzarrean argitara ateratako albisteak: Azpeitiko Udalak Corrugadosen Azpeitiko lantegiaren jarduna iraungitzat emanez eta alkate dekretuz hartutako erabakiaren kontrako epaia plazaratu du Donostiako Lehen Administrazio Auzitegiak, enpresaren jabeek jarritako salaketa ontzat hartuta.
Udalbatzarrean EAJren galderari erantzunez aurreratu zuen Nagore Alkorta alkateak epai hori errekurritu egingo duela udalak, horretarako oinarriak eta arrazoiak badaudelakoan. Atzo gauean, oharra atera zuen udalak; epaiaren behin-behinekotasuna aipatzeaz gain, errekurtsoa aurkezteko oinarri eta arrazoi horiek zehaztu ditu, batetik; eta bestetik, azpimarratu nahi du atzera botatako dekretuak ez zituela oztopatu Amue eremuko lantegia berriro martxan jartzeko asmoak.
Epaiari dagokionez, udalak irailaren 19an jaso zuen 2021eko irailaren 15eko alkate dekretua baliogabetzen duen behin-behineko epaia. "Datozen egunetan" aurkeztuko du erabaki horren kontrako errekurtsoa udalak, eta bost arrazoi hauetan oinarrituko du errekurtso hori: Corrugadosen Amueko jarduera "bateraezina" dela 2013. urtean onartutako hirigintza Plan Orokorrak eremu horretarako aurreikusitako bizitegi erabilerarekin, 2013. urtetik enpresa jarduera itxita dagoela, aktibitate ekonomikoaren gaineko zergan baja emanda duela enpresak, Eusko Jaurlaritzak ur baimenak moztuta dituela, eta eremua husteko eta eraisteko baimena eskatua duela enpresak udalean.
Epaia eta Cristian Layren erabakiak, eskutik ez
Errekurtsoa aurkezteko arrazoiak zehaztu ondoren, bi puntu nabarmendu nahi izan ditu udalak, epaiak baliogabetu duen erabakiak bere garaian izan zituen zein aurrera begira izan ditzakeen ondorioei lotuta.
Erakundeak, Alkortak astearteko udal bilkuran esandakoak berretsita, "argi adierazi" nahi du epaitegietago ebazpen horrek "ez duela Amue eremuan jarduerarik berriro irekitzea baimentzen", eta epaiaren pasarte hau azpimarratu du: "Lehen esan bezala, jarduera-lizentziaren iraungitzeari eta jarduera berrekiteari buruzko erabakiek berezko autonomia dute, eta ezin dira nahastu horietako bakoitzean egiaztatu behar diren betekizunak". Gainera, udalak zehaztu du behin-behineko epaiak atzera bota duen erabakia Cristian Lay taldeak Amueko lantegia martxan jartzeko asmoa alde batera uzten zuela adierazi eta lau hilabetera onartu zutela: "Dekretuak ez du inoiz enpresaren asmorik baldintzatu; alkate dekretua 2021eko irailean sinatu zen eta Cristian Lay enpresak maiatzean adierazi zuen bere asmoekin ez zuela aurrera jarraituko".
2021eko maiatzaren 24an, udalak lantegia desmuntatzeko lanak hasi zirela jakinarazi zueneko biharamunean, Corrugados Azpeitiaren Amueko lantegia ez zuela irekiko jakinarazi zuen Cristian Lay taldeak; handik bi egunera taldearen zuzendari exekutiboak EITBri irekiera ez zuela guztiz baztertzen adierazi zion, baina enpresaren asmoak hor gelditu ziren.