Corrugados auzia

Alkortak azpimarratu du sententziak ez diola aipamenik egiten Corrugados berriz martxan jartzeko aukerari

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 5a, 19:27

Donostiako Lehen Administrazio Auzitegiak Azpeitiko Udalak Corrugadosen Amueko lantegiaren jarduna iraungitzat emanez eta alkate dekretuz hartutako erabakiaren kontrako epaia plazaratu izanaren albisteak hedabideetako goiburuak hartu ditu egunotan, eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak agerraldia egin du gaur arratsaldean epaiari eta errekurtsoari buruzko hainbat azalpen emateko. 

Corrugados auzia fokupean jarri du berriro joan den astearteko udalbatzarrean argitara ateratako albisteak; izan ere, Azpeitiko Udalak Corrugadosen Azpeitiko lantegiaren jarduna iraungitzat emanez eta alkate dekretuz hartutako erabakiaren kontrako epaia plazaratu du Donostiako Lehen Administrazio Auzitegiak, eta Azpeitiko Udalak errekurtsoa jarriko duela iragarri du. 

Albisteak hedabideetako goiburuak hartu ditu egunotan, eta  Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak agerraldia egin du gaur arratsaldean epaiari eta errekurtsoari buruzko hainbat azalpen emateko. Alkortak azpimarratu du,´udalaren dekretuak ez duela inoiz enpresaren asmorik baldintzatu, eta esan du epaitegietako ebazpen horrek "ez duela Amue eremuan jarduerarik berriro irekitzea baimentzen". Errekurtsoa jartzeko hainbat arrazoi dituztela nabarmendu du Alkortak, baina batean egin du azpimarra; izan ere, jakinarazi du Corrugados enpresak berak irailerako aurkeztu behar zuela enpresaren desmantelamendurako proiektua. 

Era berean, Alkortak esan du Azpeitiko Udala herriko ekonomia eta industria sustatzeko eta elkarlanerako prest dagoela. Horri lotuta eta elkarlanaren adibide gisa, adierazi du Azpeitiko Udalak Larrin eremuko plan partziala onartu zuela duela egun batzuk. Halaber, Amue eremua "Azpeitiarentzat estrategikoa" dela nabarmendu du. 

2021eko maiatzaren 24an, udalak lantegia desmuntatzeko lanak hasi zirela jakinarazi zuen, eta haren biharamunean, Corrugados Azpeitiaren Amueko lantegia ez zuela irekiko jakinarazi zuen Cristian Lay taldeak

Erlazionatuak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide